Mundua -
Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko 'denbora' beharko duela onartu du Zuckerbergek
Facebooken sortzailea Europako Parlamentuan izan da eta barkamena eskatu du sare sozial horretako erabiltzaileen datu pertsonalen filtrazioagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mark Zuckerberg Facebooken sortzaileak agerraldia egin du Europako Parlamentuan, Cambridge Analyticak filtratutako datu pertsonalen eskandalua dela eta azalpenak emateko. Barkamena eskatu du eta Facebookeko erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duela agindu du, "horretarako denbora beharko badugu ere".
Europako Ganberako presidentearen eta talde politikoen aurrean egin duen agerraldian, Facebooken onurak azpimarratu ditu eta, ildo horretan, krisi egoeratan (eraso terroristak izaten direnean edo Europara ihesi datozen errefuxiatuen kasuan, adibidez) erabiltzaileak familia eta lagunekin harremanetan jartzeko balio duela gogoratu du.
Halaber, Zuckerbergek onartu du azken urteotan teknologia hori "kalte egiteko erabili" izan dela eta hori saihesteko gai izan ez direla.
Horrela bada, Facebooken sortzaileak barkamena eskatu du: "Albiste faltsuak, hauteskundeetan egindako esku-hartzeak edota erabiltzaileen datu pertsonalen erabilera okerrak direla, ez dugu nahikoa egin. Hori akatsa izan da eta barkamena eskatzen dut".
Gauzak horrela, Zuckerbergek jakinarazi du hainbat neurri hartuko dituela horrelakorik berriro gerta ez dadin. Hasteko, Facebookeko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeaz arduratuko diren langileen kopurua bikoiztu egingo du: 20.000 izango dira urtea amaierarako.
Era berean, Facebooken aplikazioetan profil bat sortzeko beharrezkoa den informazioa murriztu egingo dute eta erabiltzaileak aplikazio hori azken hiru hileetan erabili ez badu, ezingo dute haren informazioa bildu.
Horrez gain, gehiegikeriak izan direnaren susmoa izanez gero, auditoriak egingo dituzte, eta hala izan dela baieztatzen bada, aplikazioa baliogabetu egingo dute. "Dagoeneko 200 aplikaziotik gora baliogabetu ditugu", erantsi du.
Bestalde, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak gogoratu dio datorren urtean Europako parlamentariak aukeratzeko hauteskundeak izango direla eta Facebooken datuak hauteskunde horietako emaitzak "manipulatzeko" erabiliko ez direla bermatu behar dela.
Horrelakorik ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko gai izango direla esan du eta, bide horretan, Facebook gobernu eta konpainia teknologiko ezberdinekin lanean ari dela gaineratu du.
Frantziako hauteskundeetan adibidez, gezurretako albisteak zabaltzeko erabiltzen diren 30.000 kontu faltsu antzeman eta ezabatu zituztela jakinarazi du.