Mundua -
Aldarrikatze ekitaldia
Maduro presidente izendatu dute Venezuelan, 2025era arte gobernatzeko
Nazioarteko zenbait gobernuk, besteak beste, AEBek eta Espainiak, hauteskundeetako emaitzak zalantzan jarri dituzte, baina Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak ez ditu onartu.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan igandeko hauteskundeetan berriz aukeratu ondoren, Nicolas Maduro estatuburu izendatu du berriro gaur Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Bertako oposizioak hauteskunde prozesua zalantzan jarri du, eta nazioarteko zenbait gobernuk “iruzurtzat” jo dute.
Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak aldarrikatze ekitaldia zuzendu du, eta buruzagi chavistari egiaztagutunak eman dizkio. Madurok 6,2 milioi boto (% 67,81) lortu zituen azken hauteskundeetan. Henri Falcon gobernadore ohiak, aldiz, bozen % 22 eskuratu zituen.
Madurok 6.224.040 boto jaso zituela esan du Lucenak, Venezuelako Hauteskunde Batzordeak astelehenean iragarritakoak baino 34.000 bat gehiago. Venezuelako 9.132.655 herritarrek parte hartu zuten bozketan, hautesle-erroldaren % 46,02.
Hauteskunde-akten ia % 99 zenbatuta, Falconek 1.917.036 boz lortu ditu, Javier Bertucci artzain ebanjeliko ohiak 988.761 eta Reinaldo Quijada ingeniariak 36.246.
Falcon chavista ohiak ez zuen oposizioko koalizioaren agindua bete, eta hautagaitza aurkeztu zuen. Hala ere, iragarritako emaitzak onartzen ez dituela adierazi du, Luis Emilio Rondon hauteskunde errektoreak egin bezala. Hauteskunde Batzordeko bost kideetatik Chavismoarekin kritikoa den bakarra da Rondon.
Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) ez zuen hauteskundeetan parte hartu, “iruzurra” zirela iritzita. Oposizioko alderdien koalizioak abstentzioa eskatu zuen. Abstentzioa % 53,98koa izan zen, azken bi hamarkadetako handiena.
Nazioarteko zenbait gobernuk, besteak beste, AEBek eta Espainiak, hauteskundeetako emaitzak zalantzan jarri dituzte, baina Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak ez ditu onartu. Venezuelarrek hauteskundeetako emaitzak errespetaraziko dituztela ziurtatu du.
“Burujabetza nazionalari egindako jazarpenean gobernuak eta erakunde aldeaniztunak parte hartzen ikusi ditugu harrituta, abstentzioa eta hautagaitzen lintxamendua bultzatzeko kanpainak finantzatu dituzte komunikabideetan zein sare sozialetan, demokrazia eta bakea setiatzeko helburuarekin”, adierazi du Lucenak.
Bertako oposizioak oraingoz aurkeztutako salaketek ez dute frogarik eta hautestontzietan azaldutako borondatea ez dute zalantzan jartzen, erantsi duenez. Ondorioz, Madurok 2025era arte gobernatzeko boterea duela ebatzi du.