Mundua -

Venezuelako hauteskundeak

Profila: Nicolas Maduro, langile klasearekin adiskidetu nahi den presidentea

Hainbat hilabete manifestazioz beterik egon ostean, agintariak insteres guztiak gizarte ekimenetan jarri ditu.

Nicolas Maduro hitzaldi bat ematen. EFE.
Nicolas Maduro hitzaldi bat ematen. EFE.
Nicolas Maduro hitzaldi bat ematen. EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako presidentea, Nicolas Maduro, 1962an jaio zen Caracasen, herrialdeko hiriburuan. Lehenengo urteak hiriaren mendebaldean igaro zituen, hots, El Valle auzoko parrokian, eta bere familiatik zetorkion politikarako joera, izan ere, bere aita ezker alderdietan sartuta egon zen.

Politika ibilbidea goiz hasi zuen Madurok, institutuan hain zuzen ere, Jose Avalos ikasketa zentroko ikasleen presidente bihurtu zenean. Lan merkatuan ere politika arloan ibili zen. 90eko hamarkadan, Caracasen autobus gidaria zela, langileen aldeko aldarrikapenak egiten zituen, eta, ondorioz, langileen sindikatuko ordezkari bihurtu zen.

1992an, Maduro Movimiento Bolivariano 200 alderdiaren kide egin zen, Hugo Chavez kartzelatik ateratzea eskatzeko. 1993tik 2013ra bitartean presidente izan zena Caslos Andres Perezen aurka Estatu kolpea egitea egotzita sartu zuten kartzelan. Geroago, 1997an, Movimiento Quinta República (MVR) alderdiko sortzaileetako bat bihurtu zen.

1999an, Batzar Nazional Konstituziogilean sartu zen Nicolas Maduro, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko batzordean eta batzorde ekonomikoan eta sozialean aritu zen. 2000. urteko hauteskundeetan, Maduro Parlamentuko diputatu bihurtu zen 2000-2005 aldirako. Azken urtean, Parlamentuko presidente izan zen.

Hurrengo hauteskundeetan, Maduro berriro aukeratu zuten diputatu, baina gutxi iraun zuen karguan; izan ere, 2006an Kanpo Harremanetarako ministroa izendatu zuten. 2012ra arte egon zen kargu horretan.

Ministro bezala, bi helburu lortu nahi zituen Madurok: Latinoamerikako gizarte, politika eta ekonomia integrazioa areagotzea eta AEBrekin harremanak gutxitzea. Horrela, beste herrialde batzuetako buruekin harremanak hasi zituen, Kolonbiakoarekin esaterako, baita nazioarteko beste lider batzuekin ere, Libiako Muamar Gadafirekin, esaterako.

Presidente

2012an hasi zen Maduro Venezuelako Gobernuan garrantzia hartzen, Chavezek presidenteorde izendatu zuenean. Urte berean, abenduan, presidenteak Maduro aukeratu zuen bere ondorengo bezala, Kuban egingo zioten ebakuntzatik bizirik atera ezean.

2013aren hasieran, Maduroren ibilbide profesionala goitik behera aldatu zen, Venezuelako presidente bihurtu baitzen. Chavez martxoaren 5ean zendu zen, eta hauteskundeak deitu zituzten. Madurok botoen % 51 eskuratu zituen hauteskunde horietan, Henrique Capriles garaituta.

Maduroren agintaldia ez zen ondo hasi. Herria zatituta zegoen. Batetik, klase ertainekoak kalera irteten ziren presidentearen kontra protestatzeko, eta, bestetik, militarrak eta inguru txiroenetan bizi ziren herritarrak Maduroren alde jarraitu zuten.

Egoera ekonomikoak ere ez zuen laguntzen. Petrolioaren prezioek behera egin zuten mundu osoan. Hidrokarburoaren ekoizpena garestitu egin zen, industriaren produkzioak behera egin zuen, inflazioa areagotu egin zen eta inportatzeko gaitasuna murriztu. Horrela, oinarrizko produktuak (komuneko papera, esnea eta irina, adibidez) eta sendagaiak gero eta urriagoak ziren.

Ikuspuntu beltza

Politika egiteko eragatik, presidentea “diktadorea” dela esan dute hainbat herrialdetako oposizioko kideek, oposizioko liderrak kartzelatu dituelako. Leopoldo Lopezi, esaterako, 13 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 2014ko manifestazioetan izandako indarkeria bultzatu izana egotzita (egun, etxean giltzapetuta dago). Zuzenbide Estatua bertan behera uztea ere egotzi dio oposizioak, Venezuelako erakunde guztiak bere aginduetara aritu direla iritzita.

Horri egozten dizkietenen artean, adierazpen askatasuna galaraztea dago, bere agintaldian 40 bat hedabide itxi baitituzte.

2016an oposizioko kideak kartzelatik atera zituzten, eta horiek Maduro kargutik kentzeko ekimen eta protesta ugari abiatu zituzten.

Venezuelako Hauteskunde Batzordea (hori ere chavismoak kontrolatzen du) ere mugitzen hasi zen Maduro kargutik kentzeko. Horrela, oposizioa agintariaren kontrako sinadurak biltzen hasi zen. Guztira, boto-emaileen % 20k babestu behar zuten eskaria, eta oposizioak 1,8 milioi sinadura lortu zituen (beharrezkoak baino 9 aldiz gehiago). Halere, Venezuelako Hauteskunde Batzordea kontaketa egiten atzeratu zen eta, ondorioz, herrialdean protestak nagusitu ziren berriro.

Egoera hori ikusita, Nicolas Madurok larrialdi egoera ezarri zuen, eskuineko alderdiak atzerriko herrialdeekin Venezuela ezegonkortzeko konspiratzen ari zirelakoan. 2016ko urrian, erreferendumerako sinadurak batzeko bigarren deialdia egitekoak ziren, baina ez zuten egin, iruzurragatik, Venezuelako auzitegi batzuek ebatzi zutenez. Ondorioz, ez zuten egin.

Oposizioa ez zen hor gelditu, eta Maduroren aurka epaiketa politikoa egitea eskatu zion Batzar Nazionalari. Hori dela eta, manifestazio erraldoiak egin ziren 2017ko martxoaren 31 eta 2017ko abuztuaren 12a bitartean.

Maduroren garaipenak

Nicolas Maduroren sei urteko agintaldian gizartean inbertitu dute gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Venezuela albisteak Nicolás Maduro