Mundua -
Matxinada kartzelan
81 pertsona hil dira Txileko espetxe batean izandako sutean
Presoak matxinatu eta koltxoiak erretzen hasi dira, eta ondorioz, sute handi bat piztu da. Gainera, kanpoaldean istiluak izan dira presoen senideen eta polizien artean.
Erredakzioa
Gutxienez 81 lagun hil dira Txileko kartzela batean matxinada eta ondorengo sute baten ostean. Sutea San Miguel kartzelan piztu da, Santiagoko hiriburutik kilometro batzuk hegoaldera, kartzelako guardien arabera.
Matxinada 05:00etan (Euskadiko 08:00etan) hasi da; presoak koltxoiak erretzen hasi dira, eta sute handi bat piztu da.
200 bat preso atera dituzte kartzelatik; horietatik 14 oso larri daude eta Santiagoko ospitale ezberdinetara eraman dituzte. Bestalde, hiru jendarme eta suhiltzaile bat zauritu dira.
Txileko kartzeletan izandako ezbehar larriena izan da, Jaime Mañalich Osasun ministroaren esanetan.
Suhiltzaileak sutea amatatzen ari dira. Oraindik ez dira ezagutzera eman hildakoen izenak, hori dela eta, senideak kartzelatik gertu zain daude.
Istiluak kanpoaldean
San Migueleko espetxearen kanpoaldean itxaroten ari diren senideek harriak bota dituzte agintarien aurka, lekukoek eta kazetariek jakitera eman dutenez.
"Momentu honetan kaosa da nagusi", azpimarratu du Bio Bio irratiko kazetari batek. Senideek agintariei botilekin eta harriekin eraso egin diete eta Poliziak esku hartu behar izan du.
Fernando Echevarria gobernadorea kaltetuena izan da, izan ere, agintariari arrautzak bota dizkiote senideek.
Echeverria ibilgailu batean babestu da eta senideei azalpenak ematen jarraitu du. Bosgarren dorreko laugarren solairutik 65 bat preso erreskatatu dituztela jakinarazi die senideei agintariak. Antza denez, sutea solairu horretan hasi da.
Sistema "ankerra"
Bestalde, herrialdeko espetxe sistema "oso ankerra" dela esan du Sebastian Piñera Txileko presidenteak. Kartzelan gertatutako "tragedia mingarria eta izugarria" deitoratu du Piñerak.
Senatariekin eta ministroekin egoera aztertu ostean, Txileko "espetxeen egoera jasanezina" dela esan du Piñerak. Espetxeen egitura "modernizatzeko egitasmo" bat jarri zuen martxan Gobernuak iragan urrian. Hiru espetxe berri eraikitzea eta presoen baldintzak hobetzeko planak garatzea espero dute.