Mundua -
Palestina-Israel gatazka
Israel Gazako protestetan bereizi gabe hiltzeagatik salatu du NBEk
Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak esan duenez, mugara hurbiltzera ez da bizitzaren kontrako mehatxu bat, eta ez du benetako monizioa erabiltzea justifikatzen.
Agentziak | Erredakzioa
Israelek, "ematen duenez, bereizi gabe" hiltzen du, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak salatu duenez. Rupert Colvillek gogoratu du mugako hesia salto egin edo apurtu nahi izateak ez duela benetako munizioa erabiltzea justifikatzen.
"Ematen du edozein hil edo zauritua izan daitekeela; emakumeak, umeak, kazetariak, lehen sorospeneko langileak, hesietatik 700 metro baino gutxiagora hurbiltzen badira. Bi aldiz anputatua izan zen baten kontra egin dute tiro, hori mehatxua al da?", esan du Bulegoko bozeramaileak.
"Nahiko argi dago bereizi gabe hiltzen ari direla", gehitu du Colvillek.
"Indar hilgarria erabiltzea azken aukera izan behar da, ez lehenengoa, eta bizitzaren kontrako mehatxu baten erantzuna izan behar da. Hesi bat salto egiten edo apurtzen saiatzea, edo molotov koktelak jaurtitzea, ez da, argi eta garbi, heriotza mehatxu bat", nabarmendu du bozeramaileak.