Mundua -

Israel – Palestina

Israelgo Armadak 60 palestinar hil eta 2.771 zauritu ditu Gazan

Israelgo Estatua sortu zela 70 urte bete diren egunean, AEBk enbaxada zabaldu du Jerusalemen, eta palestinarrek manifestazioak eta protesta ekitaldiak deitu dituzte.

Gaza. Irudia: EFE
Gaza. Irudia: EFE
Israelgo Armadak sarraskia egin du Gazan

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 60 palestinar hil eta 2.771 bat zauritu ditu Israelgo Armadak Gazan, iturri ofizialen eta Palestinako osasun iturrien arabera. AEBk Jerusalemen enbaxada berria ireki duela eta, protestak antolatu dituzte palestinarrek, eta Israelgo Armadak tiroz erantzun die manifestariei.

Hildakoen artean sei ume eta osasun zerbitzuetako langile bat daude, Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoak salatu duenez. Hildako gehienek 21 eta 30 urte artean dituzte, baina sei adingabe daude tartean.

Protestak martxoaren 30ean abiatu zituzten. Israelgo indarrek Gazako mugara ez gerturatzeko deia egin diete palestinarrei, airetik jaurtitako panfletoen bitartez. Halaber, soldadu israeldarrek negarra eragiteko gasa jaurti dute mugara gerturatzen ari ziren manifestarien aurka.

Astelehenerako Gazan deitutako grebak jarraipen zabala izan du, eta eskolak, unibertsitateak, bankuak eta erakunde publikoak itxita egon dira. Horrez gain, zirkulazioa arina izan da errepideetan.

Zisjordaniako Ramallah hirian, 3.000 pertsona inguru elkartu dira Jassir Arafat plazan, eta Ramallah eta Jerusalem arteko postu militarrerantz abiatu dira bertatik. Halaber, manifestazioak egingo dituzte Zisjordaniako beste hainbat hiritatik (Nablus, Hebron eta Betleem, kasu) Israelen kontrol postuetara.

Protestak asteartean amaituko dira, palestinarrek Nakba (hondamendia) izenez ezagutzen duten egunean. 1948. urtean sortu zen Israelgo Estatua, eta milaka eta milaka palestinarrek etxetik ihes egin behar izan zuten.

Israelek soldadu gehiago bidali ditu Gazako Zerrendaren mugara eta Zisjordaniara.

Alerta gorena ezarri dute Israelen, AEBk Jerusalemen enbaxada irekiko duela eta

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren esanetan, astelehen honetan "egun historikoa" izan dute Jerusalemgo Arnona auzoan, bertan ireki baitute AEBko enbaxada. Leku hori aukeratu izanak agerian utzi du AEBk aitortu dutela Israelgo hiriburua Jerusalem dela. Horrek, gainera, arnasa eman die Israelek Estatua eratzeko asmoei.

Dena dela, Washingtonek gogoratu duenez, Jerusalem hiriburu bezala aitortzeko erabakia AEBko Kongresuak hartu zuen 1995. urtean, baina "segurtasun arrazoiak" direla eta, atzeratzen joan dira. Halaber, AEBk ez du izatez Ekialdeko Jerusalem aitortzen.

Horrela, enbaxadak desorekatu egiten du hiria. Jerusalemen bizi diren palestinarren ustez, Israelgo Gobernuak hiri osoa mendean hartu nahi du, dekretuak erabiliz.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Gazako albisteak Albisteak Israel Palestina albisteak