Mundua -

Erasoa

Gazte txetxeniar bat da larunbatean Parisen izandako erasoaren ustezko egilea

Frantziako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, gizonaren gurasoak poliziaren esku daude, gertatutakoaren inguruan galdekatu egingo dituztelako.

Frantziako polizia, erasoa izandako ingurua zaintzen. EFE
Frantziako polizia, erasoa izandako ingurua zaintzen. EFE
Frantziako polizia, erasoa izandako ingurua zaintzen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1997an jaiotako gazte txetxeniar bat, Jamzat Azimov, da larunbat gauean Parisen labankadaz egindako erasoaren ustezko egilea. Pertsona bat hil eta beste zortzi zauritu zituen Opera eremuan, Paris erdigunean, Frantziako komunikabideek jakinarazi zutenez. Horrez gain, gizonaren gurasoak poliziaren esku daudela argitu dute gaur, gertatutakoaren inguruan galdekatu egingo dituztelako. Bestalde, Estrasburgon bizi den Azimoven lagun bat atxilotu dute.

Antza denez, gazteak Frantziako nazionalitatea lortu zuen 2010ean. Sirian egondako gizon batekin zuen hurbiltasunagatik Frantziako poliziak fitxatuta zuen arren, ez zuen aurrekari polizialik. Bizar luzea zuen eta beltzez jantzita zihoan.

Errusian Parisen duen enbaxadak, bere aldetik, gizonaren hiritartasunaren inguruko informazioa eskatu die Frantziako agintariei.

Erasoa Pariseko erdigunean

Gizon batek pertsona bat hil eta beste zortzi zauritu zituen larunbat gauean labankadaz, Pariseko erdigunean. Horietatik bi larri daude.

Poliziak erasotzailea hil zuen. Gizonak "Allah Akbar" (Ala handia da) esan zuen, oihuz, erasoa egin duenean. Txetxeniarra zela azaldu dute agintariek.

Terrorismoaren aurkako Fiskaltza ari da geratutakoa ikertzen.

Monsigny kalean izan zen erasoa, asteburuetan jende asko biltzen duten taberna eta jatetxeak dauden auzo batean. Quatre-Septembre metro geltokia itxi egin zuten.

"21:00ak baino apur bat lehenago, jendea jatetxean sartzen hasi zen, gizon bat kanpoan zegoela oihukatuz, eta eskuan odolez zikindutako labana bat zuela", esan dio auzoko batek Le Parisien egunkariari.

Lekukoa bikotekidearekin afaltzen ari zen jatetxean: "jendeak lurrera bota du bere burua, beldurrez". Kontatu dutenez, bezeroek jatetxeko atea trangatu dute, erasotzailea sar ez zedin, eta pixkanaka normaltasuna itzuli zen.

Gerard Collomb Barne ministroak segurtasun indarren "odol hotza" nabarmendu zuen, eta zoriondu egin zituen erasotzailea "neutralizatzeko erantzuna".

Agression à #Paris : je salue le sang froid et la réactivité des forces de police qui ont neutralisé l’assaillant.Mes premières pensées vont aux victimes de cet acte odieux.

— Gérard Collomb (@gerardcollomb) 12 de mayo de 2018

Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa

Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Amaq agentziak hedatutako ohar labur batean. Idatzian zehazten denaren arabera, "Estatu Islamikoko soldadu bat" izan da egilea. Horrez gain, "herrialdeei eraso egiteko AEBk gidatutako nazioarteko koalizioaren aurka egiteko erantzuna" izan dela azpimarratu du EIk testuan.

Bideo bat ere zabaldu du EIk. Frantzian, Alemanian, Ingalaterran eta "edonon" dauden "anai-arrebei fedegabeen lurraldean jardutera" dei egiten die erasotzaileak irudietan.

Frantziak ez duela milimetro bat ere etsiko esan du Macronek

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak polizia zoriondu du "terroristaren aurka egiteagatik". Frantziak ez du "milimetro bat ere etsiko askatasunaren arerioei dagokienez", esan du Macronek Twitter bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris azken albisteak Atentatuak Gaurko azken orduko albistea