Mundua -

BP eta Guantanamoren datuak

Mezu ezkutua duen artxiboa zabaldu du WikiLeaksek segurtasunagatik

WikiLeaksen zerbitzari nagusia Frantzian dago eta kale egin du. Uneotan wikileaks.ch domeinua Suediako beste zerbitzari batera berbideratzeko lanetan ari dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange WikiLeaksen sortzailea mezu ezkutua duen artxiboa zabaldu du Interneten. BP eta Guantanamoren gaineko datuak biltzen omen ditu eta segurtasun neurriengatik hedatu du. Milaka jarraitzailek eskuratu dute jada artxiboa, The Sunday Times egunkariaren arabera.

Assangek dokumentu gehiago aireratzea oztopatu nahi duten gobernuentzako "mehatxua" omen da artxibo hori. Halaber, WikiLeaks Internetetik at utziz gero edo Assange atxilotzen badute, datu horiek jada argitaratuta daude.

AEBetako Defentsa Departamenduak adierazi duenez, segurtasun artxibo horren berri zuten eta ekainetik eskuragai dago.

WikiLeaks ostiralean itzuli zen Internetera, Pirata Alderdiak emandako Wikileaks.ch helbide suitzarrean. Sarean askatasuna bermatzeko lan egiten du aipatu alderdiak.

Frantziako zerbitzariak kale egin du

WikiLeaksen zerbitzari nagusia Frantzian dago eta kale egin du, Suitzako Alderdi Piratako bozeramaileak jakinarazi duenez.

Iturri beraren arabera, wikileaks.ch domeinua Suediako beste zerbitzari batera berbideratzeko lanetan ari dira, eta ordu batzuk beharko dituzte aldaketa burutzeko. Bitartean, Interneteko zenbakidun helbidea jarriz gero, oraindik zerbitzari suitzarreko webgunea bisita daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea