Mundua -
'The Guardian'
Heriotza mehatxuak jaso dituela salatu du Assangek
Antza denez, Wikileaks atariko sortzailea Ingalaterrako hego-ekialdean bizi da eta beharrezko neurriak hartu ditu, izan ere, "Estatu boteretsu baten kontra ari da".
Erredakzioa
Julian Assange Wikileaks atariko sortzaile eta zuzendariak gaur esan duenez, AEBetako agiri sekretuak argitaratzeagatik "heriotza mehatxuak" jaso ditu, eta horren kontrako beharrezko neurriak hartu dituela erantsi du.
The Guardian egunkariko irakurleek egindako galderei erantzun die Assangek ''on line''.
Bere segurtasunaz kezkaturik dagoen galdetu diote atari polemikoaren zuzendariari: "Gure bizitzen aurkako mehatxuak publikoak dira dagoeneko, baina hartzeko gai garen beharrezko neurri guztiak hartu ditugu, Estatu boteretsu baten aurka ari garelako".
Australiara itzultzea "ezinezkoa" da
Ustezko sexu-eraso delitu batengatik atxilotzeko agindua eman zuen Suediak, baina Wikileakseko sortzaileak akusazio hori ukatu du. Dirudienez, Assange Ingalaterrako hego-ekialdean bizi da, eta bere aberrira itzultzea "ezinezkoa" izango dela uste du.
"Azken asteetan zehar, Julia Gillard Australiako lehen ministroak eta Robert McClelland fiskal nagusiak ni itzultzea ezinezkoa dela argi utzi dute. Gainera, AEBetako Gobernuari laguntzen ari dira niri eta gure jendeari erasotzeko orduan", adierazi du Assangek.