Mundua -
Leherketak Afganistanen
Gutxienez 29 pertsona hil eta 40 zauritu dituzte bi eraso suizidatan Kabulen
Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatu bikoitza. Bidalitako oharraren arabera, Afganistango inteligentzia egoitza bat zuen helburu, hain zuzen ere.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 29 pertsona hil (9 kazetari tartean) eta 40 zauritu dira Kabul (Afganistan) erdialdean izandako bi leherketetan, iturri ofizial batek jakitera eman duenez. NATOk bere egoitza eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek bulegoak dituzten eremuan gertatu dira eztandak.
Hashmat Stanekzai bertako Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, lehen erasotzaile batek motorrean zeraman lehergailua zartarazi du Shashdaraken, eta, ordu erdi geroago, beste leherketa bat jazo da inguru berean.
Dawood Amin Kabulgo Poliziaren buruzagiak WhatsAppeko talde batean adierazi duenez, lehen eraso suizidaren berri ematera joan diren kazetarien artean zartarazi du beste erasotzaile batek soinean zeraman lehergailua.
Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu atentatuak. Bidalitako oharraren arabera, Afganistango inteligentzia egoitza bat zuen helburu, hain zuzen ere.
11 ume hil dira Afganistan hegoaldean, eraso suizida batean
Bestalde, gutxienez 11 ume hil dira eta 17 pertsona zauritu, horien artean NATOko Errumaniako bost soldatu, Kandaharren, Afganistan hegoaldean, indar aliatuen konboi baten kontra egindako eraso suizida batean.
Bonba ibilgailu batek eztanda egitea eragin du suizida batek, meskita baten ondotik pasatzen ari zenean. Eraikinetik gertu zegoen patio bateko horma fina apurtu du, probintziako Poliziaren bozeramaileak esan duenez.
Umeak meskitaren patioan zeuden, eta metrailak kolpatuta eta horma gainera erorita hil dira, Daman barrutian, 10:30ean (06:00 GMT), gaineratu du.
Beste erasoaldi militarra
Afganistango Gobernuak elkarrizketarako proposamena egin zuen otsailaren amaieran, baina iragan asteazkenean eskaintza errefusatu zuten talibanek, eta udaberrian beste erasoaldi militar bat abiatuko zutela iragarri zuten.
Duela astebete, eraso suizida batek 69 hildako eta 120 zauritu utzi zituen Kabul mendebaldean. Boto-emaileen erregistro baten aurkako erasoa izan zen, eta Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain.
Afganistango hiriburuan atentatu ugari egon dira aurten. Larriena urtarrilaren bukaeran egin zuten talibanek. Bonba-anbulantzia bat zartarazi zuten Kabul erdialdean, eta 100 pertsona baino gehiago hil zituzten.