Mundua -
Korea
Trump: 'Koreako gerra amaitu egingo da'
AEBko presidenteak txalotu egin du bi herrialdeetako buruzagien arteko bilera 'historikoa'. 'Gauza onak pasatzen ari dira', baina 'denborak' esango duela ohartarazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak txalotu egin du Kim Jong Un Ipar Koreako eta Moon Jae In Hego Koreako buruzagien arteko bilera "historikoa". Bi herrialdeen arteko gerra "amaitu" egingo dela adierazi du.
"Misilak jaurti eta proba nuklearrak izan diren urte honen ostean, Ipar Korea eta Hego Korearen arteko bilera historikoa izaten ari da", argitaratu du Trumpek Twitterren, bi herrialdeen arteko mugan izandako bileraren ostean, bere lehen erreakzioan. AEBko mandatariaren hitzetan, "gauza onak pasatzen ari dira", baina “"denborak" esango duela ohartarazi du.
"Koreako gerra amaitu egingo da! Estatu Batuak eta bertako hiritar guztiak Korean orain gertatzen ari denaz oso harro egon daitezke", esan du bigarren mezuan, behin betiko bake-itun bat onartzeko bi aldeen nahiaren harira.
Errusia ere pozik azaldu da gerturatze honen aurrean. Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak "positiboki" baloratu du "bi Koreatako buruzagi politiko nagusien arteko bilera historikoa”. Hori dela eta, Vladimir Putin Errusiako presidentea "bi aldeen arteko zuzeneko elkarrizketan” oinarritutako "irtenbide bideragarri" baten alde dagoela oroitarazi du.
Peskovek esan duenez, Kremlinak begi onez ikusiko luke Kim Jong Un eta Donald Trumpen arteko bilera; maiatzaren amaieran edota ekainaren hasieran izatea aurreikusita dago. Errusiako Gobernua egoera normalizatzen eta "tentsioak" murrizten laguntzen duen edozein bileraren alde agertu da.