Mundua -
Adierazpen bateratua
'Bake iraunkorra' lortzeko lankidetza adostu dute Korea biek
“65 urte pasa ondoren armistizioa amaitutzat jo” dute Ipar Koreak eta Hego Koreak, eta “bake itun” batekin ordezkatzeko konpromisoa hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Penintsulan “bake iraunkorra” ezartzeko, lankidetzarako konpromisoa hartu dute gaur Korea biek. Armistizioa ordezkatzeko, Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) elkarrizketa hastea adostu dute, behin betiko bake itun bat sinatzeko.
“Koreako penintsulan bake iraunkor eta egonkorrerako sistema bat ezartzeko lankidetza aktiboa izango dute Iparrak eta Hegoak”, azaldu dute Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiak eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak adierazpen bateratu batean, muga militartuan egindako goi-bilera historikoa bukatu ondoren.
Horrela, “65 urte pasa ondoren armistizioa amaitutzat jo” dute Ipar Koreak eta Hego Koreak, eta “bake itun” batekin ordezkatzeko konpromisoa hartu dute.
Iparrak eta Hegoak Koreako Gerra 1953ko uztailaren 27an amaitutzat jo zuten; Ipar Koreako Armadak, Txinak eta AEBek sinatutako armistizio batekin. Armistizioa ez dute sekula behin betiko bake itun batengatik ordezkatu.
“Hegoak, Iparrak eta AEBek aurrera egingo dute, hiru edo lauko goi-bilerak antolatuz, bake iraunkor eta egonkorrerako sistema bat finkatzeko”, erantsi du adierazpen bateratuak.
“Penintsulan ez da gerra gehiagorik izango. Adierazpen honekin garai berri bati hasiera eman diogu”, esan du Hego Koreako presidenteak, Kim Jong-un aldamenean zuela.
“Bake iraunkorra lortzeko elkarrekin lan egingo dugu, eta horretarako adierazpen hau sinatu dugu”, adierazi du Kimek. Ipar Koreako buruzagi batek horrelako goi-bilera baten ondoren agerraldia egiten duen aurreneko aldia izan da.
“Mundua begira dugu”, goraipatu du Kimek. Gaur sinatutakoak “iraganeko hanka-sartzeak errepikatzea eragotziko du”, gaineratu duenez. Ipar Koreako agintariaren hitzetan, Iparra eta Hegoa “herri bera dira” eta “ez dute berriro borrokatu behar”, “batasunaren bidean elkarrekin aurrera egin” baizik.
Bestalde, “elkarrizketa zintzo” baten bidez bizikidetzaren alde aurrera egiteko eskatu die NBEk Korea biei, Koreako penintsulan desnuklearizazio “egiaztagarri” bat lortzeko helburuarekin.
Koreako gerraren bukaera aldarrikatu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. “KOREAKO GERRA AMAITU DA. Orain Korean gertatzen ari denarekin oso harro egon beharko lukete Estatu Batuek eta bere herri HANDIAK”, adierazi du Trumpek Twitter sare sozialean.
Elkarri bostekoa emanda hasi dute bilera, eta bakea lortzeko konpromiso "zintzoa" adierazi dute, "munduarentzat opari bezala". Kim Jon-unek 9:30etan (2:30etan Euskal Herrian) gurutzatu du Korea biak banatzen dituen demarkazio-linea militarra, 11 urtetan egiten den lehenengo goi-bileran. Teknikoki gerran jarraitzen dute biek.
1953tik Hegoaldean dagoen Iparraldeko lehenengo liderra da, beraz. Urte horretan su-eten batekin bukatutzat eman zeten bien arteko gerra, baina ez zen bake akordorik sinatu.
Hego Koreako presidenteak hartu eta gero, berriz gurutatzu dute muga, elkarrekin eta irribarretsu, Iparralderantz.
Goi-bileraren lehenengo sesioa Peace House delakoan izan da, ordu eta erdiz, Koreako ohorezko guardia baten eskoltarekin paseatu eta gero.