Mundua -

Suedia

Aurtengo Literatura Nobel saria ez ematea aztertzen ari da Suediako Akademia

Filtrazioen eta ustezko sexu-abusuen eskandaluak krisia sortu du erakundean, eta bost kidek alde egin behar izan dute.

Nobel sariak. Artxiboko irudia: Agentziak
Nobel sariak. Artxiboko irudia: Agentziak
Nobel sariak. Artxiboko irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suediako Akademia 2018ko Literatura Nobel Saria ez ematea aztertzen ari da, filtrazioen eta ustezko sexu-abusuen eskandaluagatik, Carl-Henrik Heldin Nobel Fundazioko presidenteak SVT telebista publikoari baieztatu dionez. Eskandaluak krisia sortu du, eta bost kidek erakundea utzi behar izan dute.

Literatura Nobel Batzordearen eta Suediako Akademiaren zenbait pertsonak aurten saria banatu beharko ez litzatekeela uste dute, horrek konfiantza berreskuratzeko eta zauriak sendatzeko balio dezakeelakoan, SR irrati publikoak erakundeko iturriak aipatuz jakitera eman duenez.

Horrela, 2019an bi Literatura sari banatuko lirateke, bat aurreko urteari dagokiona; Peter Englund Akademia utzi duen kideak babesten duen ideia.

Per Wastberg Akademiako kideak SVTri azaldu dionez, bi aste baino lehen ez dute behin betiko erabakirik hartuko.

Goran Malmqvist erakundeko zuzendariak, ordea, Dagens Nyheter egunkariaren informazioa gezurtatu du; izan ere, saria emango ez denik ukatu du. Baina proposamen bat izan dela onartu du, nahiz eta baztertu den dagoeneko. Malmqvisten hitzetan, horrelakorik gertatzea “izugarria” litzateke.

Sariaren inguruko erabakia akademiako kide guztiek hartu beharko dute

Hala ere, sariaren inguruko erabakia akademiako kide guztiek hartu beharko dute.

Literatura Nobel saria eman gabe geratu da behin baino gehiagotan, gainerako sariak bezalaxe, iragan mendeko munduko gerretan zehar, alegia, baina sekula ez beste arrazoi batzuengatik.

Eskandalua azaroan eman zuten argitara, Dagens Nyheter egunkariak 18 emakumeren salaketa argitaratu zuenean. Jean-Claude Arnault dramaturgoari sexu-abusuak leporatu dizkiote. Arnaultek akademiarekin lotura estua du, literatura klubaren bidez; gainera, Katarina Frostenson erakundeko kidearen senarra da.

Bestalde, akademiaren 18 eserlekuetatik 11 bakarrik daude beteta, kide berriak eta erabakiak hartzeko bat gehiago beharrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Nobel sariak Albisteak Espainiako literaturaren albisteak Suedia