Mundua -
'Cablegate'
Wikileakseko sortzailea atxilotzea agindu du Interpolek
AEBen diplomaziarien sekretu ilunak publikatu eta egun batzuetara, gaizkile bilatuenen zerrendan sartu dute, sexu delitu bat tarteko.
Erredakzioa
Interpolek atxilotzeko "agindu gorria" eman du Julian Assange Wikileaks webgunearen sortzailearen aurka, AEBen diplomaziarien sekretu ilunak publikatu eta egun batzuetara.
Nazioarteko polizia erakundeak bere webgunean publikatu duenez, Goteborgeko (Suedia) Fiskaltzak eskatuta eman du agindua, sexu delituak egotzita.
Agindua "gorria" da, hots, Interpolek atxiloketak eskatzeko duen maila gorena.
Assange non dagoen sekretua da, eta haren defentsak helegitea aurkeztu du Suediako Gorte Gorenean.
Wikileaksen hurrengo helburua, AEBetako banku bat
Bestalde, Forbes aldizkarian eskainitako elkarrizketa batean, Assangek berak aurreratu du hurrengo filtrazioa AEBetako banku handienetako bati buruzkoa izango dela.
Ez du zehaztu zein izango den, baina oraindik existitzen den "finantza erakunde handi bat" dela azaldu du.