Mundua -
Krisi politikoa Venezuelan
Hauteskunde kanpaina hasi da Venezuelan
Maiatzaren 20an, Maduroren politikei jarraipena ematearen eta Gobernu berri bati krisitik ateratzeko aukera ematearen artean erabaki beharko dute venezuelarrek.
Agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Henri Falcon oposizioko hautagaiak beren kanpainak hasi dituzte, maiatzaren 20ra begira, Venezuelako krisiarekin amaitzea helburu.
Igandean hasi zen ofizialki hauteskunde kanpaina, baina Maduro Kuban zegoen Miguel Diaz-Canel presidente kubatarrarekin bilduta, eta, hori dela eta, sare sozialetan mezuak zabaldu besterik ez zuen egin. "Aberria zuzentzeko konpromisoa nire gain hartuko dut berriro. Ahal den hobekien egingo dut: nire arima, indarra eta bizitza eskaintzen dizkizuet", esan du Twitterren.
Falconek, berriz, Margaritan hasi zuen "herria salbatzeko kanpaina". "Demokrazia aldarrikatuko dugu egun daukagun Gobernu txarra behingoz garaitzeko", gaineratu du Larako gobernadore ohiak sare sozial horretan.
Atzo (astelehena), Maduro Bolivarren egon zen kanpainari hasiera fisikoa ematen. "Lur bedeinkatu honetara etorri naiz bere energia hartzera", esan zuen, eta bere helburua Venezuela "askatzea" dela.
Maiatzaren 20ko hauteskundeak hamar milioi botorekin irabaztea espero duela gaineratu zuen, eta, horren harira, "hasiera berri bat" agindu zuen.
Falconek, aldiz, batetik, "botere publikoen erabateko autonomia bermatuko duen salbamendu nazionaleko Gobernua" iragarri du; bestetik, preso politikoak askatzeaz gain, "ekimen pribatuen jazarpen politikoari amaiera" emango diela ere adierazi du. "Gobernu inklusiboa izango da nirea, bazterketarik gabekoa", azaldu du.
Hauteskunde polemikoak
MUD alderdiak boikota egin die maiatzaren 20ko hauteskundeei, eta nazioarteak ere ez dituela emaitzak onartuko iragarri du, ez delako sinesgarriak izateko baldintzarik egongo, horren arabera.