Mundua -
Gertaera
Nikaraguan istiluak eragin dituen erreforma baliogabetu du Ortegak
Gutxienez 27 pertsona hil dira gizarte segurantzaren erreformaren aurkako protestetan.
agentziak | erredakzioa
Nikaraguako Gobernuak baliogabetu egin du kaleetan liskarrak eta, gobernuz kanpoko erakundeen arabera, gutxienez 27 hildako, 100dik gora zauritu eta kalte material handiak eragin dituen gizarte segurantzaren erreforma.
Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Kontseiluko Institutu Nikaraguarrak "egoera hau sorrarazi" dituzten bi ebazpenak bertan behera uztea adostu du, Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak Nazioari zuzendutako mezu batean esan duenez.
"Baliogabetzen eta alde batera uzten ari gara egoera hau sorrarazi duen aurreko ebazpena", Ortegaren esanetan.
Ebazpen horien bidez, Zuzendaritza Kontseiluak, besteak beste, langile eta enpresei kotizazioa igotzea eta jubilatuei pentsioaren % 5 kentzea adostu zuen aurreko asteartean.
Ortegak zehaztu duenez, proposamena ez da "bideragarria" izan, eta sektore pribatuarekin eta langileen ordezkariekin eztabaida errazteko asmoarekin hartu da baliogabetzeko erabakia.
Ortgearen aurkako protestak aurreko asteazkenean hasi ziren, gizarte segurantzaren erreformaren harira.
Halere, herritarrek hauteskunde esparruko iruzurrak, erregaien prezioen igoerak, Poliziaren errugabetasuna, Gobernuaren aurka egiten zuten nekazarien azalpenik gabeko heriotzak eta herrialdean ikusten ez den "bake eta gizarteratze" diskurtsoa salatu dute.
Nikaraguako Armadako soldaduak hainbat hiritan daude, liskarrak bi gauez jarraian egon eta gero.
Gutxienez 27 pertsona hil dira liskarretan, horien artean, kazetari bat tiro batez, nerabe bat eta polizia bat, gobernuz kanpoko erakundeen arabera. Gobernuak dio 10 direla hildakoak, baina aurreko ostiraletik ez du informazio gehiagorik eman.