Mundua -

Indarkeria

Gutxienez 27 hildako Nikaraguan Gobernuaren aurkako protestetan

Protestak eragin dituen Gizarte Segurantzaren erreforma erretiratuko duela iragarri du Nikaraguako presidenteak.

Bost egun daramatzate Nikaraguan liskarretan murgilduta. Argazkia: EFE
Bost egun daramatzate Nikaraguan liskarretan murgilduta. Argazkia: EFE
Bost egun daramatzate Nikaraguan liskarretan murgilduta. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 27 lagun hil dira Nikaraguan, tartean polizia eta kazetari bana, Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dutenez, Gobernuak abiatutako Gizarte Segurantzaren erreformaren aurkako protestetan.

Liskarrak joan den asteazkenean hasi ziren. Ostiralean Gobernuak 10 hildako zenbatu zituen, baina azken egunotan protestek okerrera egin dute, eta istiluek bere horretan jarraitzen dute. Ondorioz, hildako kopuruak gora egin du.

Nikaraguako Armada hainbat hiritan zabalduta dago, Managua eta barnealdeko beste zenbait tokitan arpilatzeak izan baitira. Izan ere, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daiteke herritarrak supermerkatuetatik irtetzen, eskuetan lapurtutako produktuak daramatzatela.

Bien bitartean, gizarte segurantzako erreformaren aurka dauden erakundeek salatu dutenez, Gobernuaren aldeko taldeak dira arpilatzeak egiten ari direnak, herritarrak nahastu eta haien borrokari legitimazioa kendu nahian.

Bestalde, Daniel Ortega Nicaraguako presidenteak iragarri du Gizarte Segurantzaren erreforma erretiratuko dutela. "Aurreko ebazpena baliogabetuko dugu", adierazi du Ortegak telebista bidez eskainitako agerraldian. "Ordena berrezarri nahi dugu, ezin dugu kaosa edo arpilatzerik onartu", gaineratu du. Gainera, bakerako eta eztabaidarako deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Latinoamerikako albisteak