Mundua -

Filtrazio berria

Informazioa 'lapurtzea' delitu dela esan dio Etxe Zuriak Wikileaksi

Nazioarteko bost egunkarik jasotako informazioari esker, AEBek nazioarteko agintari batzuei buruz duten iritzia eta NBEko goi-mailako funtzionarioak espiatu zituztela zabaldu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wikileakseko filtrazioaren harira ikerketa bat irekiko dutela iragarri du gaur AEBetako fiskal orokorrak. Ezkutukoak ziren 250.000 bat mezu zabaldu ditu gaur Wikileaksek. Gobernuak filtrazioa "gaitzetsi" egin du, "pertsonak eta diplomatikoak" eta "mundu mailan gure aliatuekin dauzkagun erlazioak arriskuan jartzen dituelako".

Robert Gibs Etxe Zuriko bozeramaileak Wikileaksi ohartarazi dioenez, "informazioa lapurtzea eta banatzea delitu bat da", eta Barack Obama AEBetako presidentea "ez dago pozik" argitalpenekin.

Hillary Clinton Estatu idazkariaren hitzetan, argitalpen horiek ez dira AEBentzako soilik mehatxu bat. Txosten horretako edukiek arriskuan jartzen dituzte "gainerakoak babesteko bere bizitza eman duten pertsonak". "Argitalpen horiek ez dira AEBetako atzerri politikari egindako eraso bat. Nazioartearen aurkako eraso bat da", esan du.

Wikileaks webguneak Ameriketako Estatu Batuak eztabaida diplomatiko baten protagonista bihurtu du; izan ere, kanpo politikari buruzko sekretuak eman ditu ezagutzera. Horrez gain, Nazio Batuen Erakundeko goi mailako funtzionarioak espiatu zituztela ere eman du aditzera. Julian Assangek sortutako webguneak AEBei emandako bigarren kolpea da. Wikileaksek ezkutukoak ziren azken urteetako 251.287 mezu zabaldu ditu.

Azken hilabeteetan, Wikileaksek bi filtrazio garrantzitsu egin ditu. Batetik, Afganistaneko gerrari buruzko dokumentuak aireratu ditu eta, bestetik, Irakekoak. Azken horiek, gainera, AEBak egoera larrian utzi ditu nazioartean.

Hori dela eta, Hillary Clinton Estatu idazkariak kanpaina diplomatikoa egin du azken egunetan eta hainbat gobernu argitaratuko den informazioaren arriskuaz ohartarazi ditu. Kaleratu diren dokumentuen arabera, Estatu Departamentuak AEBen aliatuei buruzko informazioa jasotzeko espioitza lanak egitea agindu zien bere diplomazialariei, baita espioitza debekatua dagoen Nazio Batuetan ere.

Espiatu nahi zituzten agintarien artean Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia eta Segurtasun Kontseiluko beste hainbat kide egonkor daude. Informazio pertsonala eskuratzeaz gain (kreditu txartelak, lan-ordutegiak...), AEBetako Estatu Departamentuak informazio biometrikoa ere lortu nahi zuen. Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako hainbat politikarirekin ere berdina egin zuten; Paraguaiko 2008ko hauteskundeetako hautagaiekin, esaterako.

Filtratutako dokumentuek AEBek Guantanamoko presoak beste herrialde batzuetara bidaltzeko tratuan aritu zirela erakutsi dute. Esloveniako Gobernuari presoetako bat onartuz gero, Barack Obamaren bisita izango zutela esan zioten, eta Kiribatiri, berriz, preso batzuk jasotzearen truke milioika dolar eskaini zizkioten.

Dokumentu gehienek azken hiru eta bost urte arteko informazioa biltzen duten arren, mezu historikoak ere aipatzen dituzte. 1989an, Manuel Noriega jenerala Gobernutik kentzeko diplomazialari estatubatuar batek Panama Hirian egindako gogoetak bildu dituzte, adibidez. Dokumentuetako batzuk oraindik ere oso arriskutsuak diren hainbat arazorekin erlazionatuta daude.

The New York Times egunkariaren arabera, arazo ekonomikoek eta trantsizio politikoak Ipar Korea gelditzen badute, AEBek eta Hego Koreak bateratutako Korea bati buruz hitz egin dutela baieztatzen dute mezu diplomatiko batzuek. Bestalde, 2007tik Ameriketako Estatu Batuek orain arte emaitzarik eman ez duen ahalegin sekretu bat egin omen dute Pakistango erreaktore nuklear batetik uranioa ateratzeko; izan ere, uranio hori bonba nuklear bat egiteko erabil dezaketela uste dute Washingtonen.

Beste mezu batzuetan, Afganistango Gobernuaren ustezko ustelkeria, Txinak Googleri egindako eraso zibernetikoa eta Al Qaeda bezalako talde estremistei saudiarabiar batzuek egindako ekarpenak aipatzen dira.

Filtrazioen beste alde interesgarri bat AEBek nazioarteko beste agintari batzuei buruz duten iritzia da. Putini dagokionez, politikari autoritarioa eta matxista dela esan dute. Horrek Silvio Berlusconi Italiako buruarekin duen harreman ona azalduko luke. Bien artean "erlazio estua" dagoela diote mezuek eta harreman horren baitan "opari ikusgarriak" izan direla. Informazioa eskuratu duen beste egunkarietako batek, El Pais egunkariak, energia kontratuak aipatu ditu. Filtrazioek Berlusconiren "festa basatiak" ere aipatzen dituzte eta Italiako lehen ministroak Washingtonen pizten duen mesfidantza agerian uzten dute. Angela Merkel kantzilerra, berriz, "arriskuak ekiditen dituen eta sormen gutxiko emakumea da", mezuetan jasotakoaren arabera. "Indarren oreka ikusi arte, atzealdean gelditzea nahiago duen politikaria da", gaineratu dute. Horrez gain, mezuen arabera, Muamar Gadafik botoxa erabiltzen du eta, diplomazialari estatubatuarren arabera, hipokondriakoa da.

Wikileaksek gaur bertan argitaratu behar zuen informazio hori guztia bere atarian, baina "eraso informatiko" batengatik, ezin izan dute horrela egin. Hala ere, Wikileaksek informazioa nazioarteko bost egunkaritara bidali zuen: El Pais (Espainia), The Guardian (Britainia Handia), Le Monde (Frantzia) eta Die Spiegel (Alemania). Etxe Zuriak informazio horren filtrazioa "arriskutsua eta ausartegia" dela esan du, eta dokumentuak "lapurtu" egin dituztela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea