Mundua -

Bigrafia

Miguel Diaz-Canel, Castroren aroaren osteko lehen presidentea

2013tik Kubako Gobernuko bigarrena izan denak lekukoa hartu dio Raul Castrori. Azken honek hamabi urteren ostean utzi du herrialdeko presidentetza.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidente berria. EFE
Miguel Diaz-Canel Kubako presidente berria. EFE
Miguel Diaz-Canel Kubako presidente berria. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Diaz-Canel 2013tik Kubako Gobernuko bigarrena izan dena herrialdeko presidente izatera pasatu da. Duela sei hamarkadatatik lehenengoz herrialdeko mandatari nagusiak ez du Castro abizena.

58 urte betetzear ditu Diaz-Canelek, eta Raul Castroren lekukoa hartu du. Azken honek hamabi urteren ostean utzi du herrialdeko presidentetza, berak 2013an erregimeneko goi karguen agintaldiari jarri zion muga beteta.

Villa Claran jaio zen (Santa Klara, Kuba) 1960ko apirilaren 20an (Fidel Castro buru izan zuen Iraultzaren garaipenetik urtebetera). Kubako agintari berria alderdi komunistaren (PPC) oinarrietatik dator; era progresibo eta zuhurrean igotzen joan da botere egituran, eta erregimeneko bigarrena izatera heldu da.

Ingeniaritza elektronikoko ikasketak egin zituen, eta 1982an graduatu zen. Kubako Indar Armatuen parte izan da 1985era arte, eta urte hartako apiriletik Las Villaseko Unibertsitate Zentraleko irakaslea izan da: zentro horretan hasi zuen, bi urte geroago, eta irakaskuntza utzi gabe, ibilbide politikoa, Komunista Gazteen Batasunean.

Era progresibo eta zuhurrean igotzen joan da botere egituran

Garai hartan izan zuen nazioarteko esperientzia, Nikaraguan, 1987 eta 1989 urteen artean Kubako Indar Armatuen eremu aditua izan zen, Gobernu sandinistari laguntzeko, Anastasio Somoza diktadore ohiaren indarren (AEBk babestuta) aurkako gerran.

Handik Kubara itzultzean, Gazte Komunisten Batasunean garatzen jarraitu zuen, eta Buro Nazionaleko kide izatera iritsi zen; arlo ideologikoaren arduradun eta taldeko bigarren idazkaria. Idazkaritzara 1993an heldu zen, Roberto Robaina, ordura arte taldeko buruzagia izan zena, Kanpo gaietarako ministro izendatu zutenean.

Aldi berean, Diaz-Canelek bere ibilbidea hasi zuen alderdi komunistan: 1991n alderdiko batzorde nazionalean sartu zen, 1993an Villa Clarako taldeko zuzendaritzara iritsi zen, eta probintziako idazkari izan zen 1994 eta 2003 urteen artean.

 

Alderdi komunistaren oinarrietatik dator

 

2003a urte garrantzitsua izan zen Diaz-Canelen ibilbidean, izan ere, alderdiko Buro Politikoan  sartu zen, Asanblea Nazionaleko diputatu aukeratu zuten Placetasen (Villa Clara) eta urte horretan Holguineko zuzendaritza politikora eraman zuten. Bertako probintzia idazkari izan zen 2009ra arte.

2009an sartu zen Gobernuan, Raul Castrok Goi Hezkuntzako ministro izendatu zuenean. Kargu horretan Estatuko eta Gobernuko buruzagientzako eskola martxan jartzeko ardura hartu zuen.  2011ko urrian ireki zuten, belaunaldien erreleboa prestatzeko.

Hiru urte geroago, 2012ko martxoaren 22an, Raul Castrok gorago igo zuen, Ministroen Kontseiluko presidenteorde izendatuta, Jose Ramon Fernandez eskarmentu handiko pertsonaren ordez.

Halere, Diaz-Canelen goraldirik garrantzitsuena 2013ko otsaileko hauteskundeen ostean izan zen, Estatu Batzordeko lehen presidenteorde izendatu zutenean; Jose Ramon Machado Ventura "historikoa" ordezkatuz. Modu horretan, Raul Castroren Gobernuko bigarrena bilakatu zen, eta Castro familiako gazteenaren balizko ondorengo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Kubako azken ordukoa