Mundua -

Une historikoa uhartean

Diaz-Canel Kubako presidente berria: 'Castroren legatuarekin leialak izango gara'

Herriaren agindua “Kubako Iraultzari jarraipena ematea da une historiko eta erabakigarrian”, adierazi du Diaz-Canelek bere lehen hitzaldian.

Miguel Diaz-Canel eta Raul Castro. Argazkia: EFE
Miguel Diaz-Canel eta Raul Castro. Argazkia: EFE
Miguel Diaz-Canel eta Raul Castro. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Diaz-Canel Kubako presidente izendatu du gaur uharteko Asanblada Nagusiak, Raul Castro jenerala ordezkatuz. Castrok 12 urte eman ditu boterean. Diaz-Canel Gobernuko presidenteordea izan da orain arte.

Kubako Asanbladaren aurrean emandako lehen hitzaldian, herriaren agindua eredu ekonomikoaren eta sozialaren “eguneraketan emandako aurrerapausoek markatutako une historiko eta erabakigarrian, Kubako Iraultzari jarraipena ematea da”, adierazi du.

“Fidel Castro Iraultzaren buruzagi historikoaren legatuarekin eta Raul Castro prozesu iraultzailearen eredu, ausardi eta irakaspenekin leialak izango gara”, azpimarratu du Miguel Diaz-Canelek.

Herri Boterearen Asanblada Nazionalean botoen % 99,83rekin agintari berria berretsi dute, Alina Balseiro Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak emandako datuen arabera.

Emaitzen berri izan bezain pronto, Kubako diputatuek txalo egin diote presidente berriari. Gainera, Raul Castroren besarkada eta bostekoa jaso ditu Diaz-Canelek.

 

Diaz-Canel: "Herriaren agindua Iraultzari jarraipena ematea da"

 

Diaz-Canelekin batera, Estatuko Kontseiluko gainerako kideak aukeratu dituzte gaur. Horrela, Salvador Valdes Mesa beteranoa uharteko presidenteordea izango da.

Beste bost presidenteordeak Ramiro Valdes historikoa; Roberto Morales Osasun ministroa; Gladys Bejerano kontralora nagusia; Ines Maria Chapman Kubako Baliabide Hidraulikoen Institutuko zuzendaria eta Beatriz Johnson Santiagoko Lurralde-asanbladako presidentea izango dira.

Beste 23 bokalek eta idazkari batek osatzen dute Estatu Kontseilua. Homero Acosta izango da idazkari beste behin ere.

Emaitzen berri eman ondoren, Asanbladako Presidentetzan toki berria hartzeko gonbit egin dio Esteban Lazo Parlamentuko presidenteak Diaz-Caneli. Kubako buruzagi berriak agur militarra eta beste besarkada bat eskaini dizkio Raul Castrori bertatik.

Ondoren, Castrok bere ordezkoaren besoa altxatu du, ikonografia iraultzailearen keinu klasiko batean.

 

Raul Castro: "Diaz-Canel ez da ustekabeko bat”

 

Bestalde, ordezkoaren “erabateko arrakastan” konfiantza agertu du Raul Castrok, bere ibilbide politikoaren hasieratik “bertuteak, eskarmentua eta ardura handia” azaldu dituelako.

Castrok saio historikoa itxi du. Diaz-Canel “onena” izan dela defendatu du agintari ohiak. Goi-karguak betetzeko asmoarekin, Kubako agintariek prestatu dituen buruzagi gazteen artean “aurrera jarraitu duen bakarra” da, erantsi duenez.

“Ez da ustekabeko bat” eta “bere igoera ez da zoriaren edo presaren emaitza”, nabarmendu du Castro jeneralak. Presidente berriaren “sendotasun ideologikoa, sentiberatasun politikoa, konpromisoa eta Iraultzarenganako fideltasuna”, goraipatu ditu Castrok. Diaz-Canelek 58 urte beteko ditu ostiral honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Kuba