Mundua -
BONBARDAKETA SIRIAN
Al Asaden aliatuek Sirian izandako erasoak izango dituen 'ondorioez' ohartarazi dute
Vladimir Putin Errusiako presidenteak "terroristei hauspoa ematea" leporatu dio Trumpi. Europako agintariak AEBekin, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin lerrokatu dira, baina badira ahots kritikoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bashar al Asaden erregimenaren aliatuek, Errusia, Iran eta Txina buru direla, Siriako Gobernuari basesa agertu diote, bart AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak egindako aire-erasoa jasan eta gero. Eraso horrek Siriako zein inguru guztiko egonkotasunean izan ditzakeen ondorioez ere ohartarazi dute.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du erasoa "terrorismoaren kontrako borrokan buru-belarri ari den Estatu burujabe baten kontrakoa" izan dela.
"Bere ekintzekin, AEBek are gehiago larritu dute Siriako katastrofe humanitarioa, herritarren sufrimendua eta, gainera, hauspoa eman die azken 7 urteotan Siria torturatzen ari diren terroristei" gaineratu du.
NBEari larrialdiko bilera deitzeko eskatu dio Putinek, "AEBen eta bere aliatuen ekintza bortitzak aztertzeko".
Putinek erabat arbuiatu du bonbardaketaren arrazoi ofiziala: aurreko astean Duman izan zen eraso kimikoa. Uste du ez dagoela horrelakorik izan zela esateko frogarik eta OPAQ edo Arma Kimikoen Debekurako Erakundearen ondorioei itxaron beharrean (gaur hastekoa du ikerketa), "mendebaldeko herri batzuk erakunde hori kontuan hartu ez, eta eraso militarrari ekin diote, ikerketaren ondorioei itxaron gabe".
"Kriminalak", Jameneiren arabera
Irango buruzagi gorenak ere, Ali Jameneik, oso kritiko hitz egin du eta "krimen" gisa definitu du gertatua: "Argi eta garbi esan nahi dut AEBetako presidentea, Frantziako presidentea eta Erresuma Batuko lehen ministroa kriminalak direla".
Ildo berean mintzatu da Irango Kanpo Gaietarako Ministerioa ere: "erasoa Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa da, eta herri baten subiranotasunaren kontrako errespetu falta". "Nazioarteko bakeari eta terrorismoaren kontrako borrokari kalte egin dioten ekintza "arbitrarioa eta unilaterala" dela ere esan du.
Irango Guardia Iraultzaileak, bere aldetik, "egoera konplexuagoa" bihurtuko dela orain iragarri du, eta AEBak izando direla "erantzule".
Txina
Txinak ere arbuiatu egin du Siriako Gobernuaren kontra egindako erasoa. Nazio Batuen Gutunaren aurkakoa dela, nazioarteko zuzenbidea urratzen duela eta gatazkari irtenbidea bilatzea zailtzen duela gaineratu dute Txinako Kanpo Ministeriotik: "Segurtasun Batzordeari jaramon egin gabeko aldebakarreko edozein ekintza militar Nazio Batuen Erakundearen Gutunaren helburu eta irizpideen kontrakoa da eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du".
"Gainera, Siriako gatazka konpontzeko faktore berriak eta konplexuak gaineratzen ditu gaurko erasoak" nabarmendu dute.
Alemania
Aitzitik, Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren iritziz, AEBen, Frantziaren eta Erresuma Batuaren operazioa "beharrezkoa eta proportzionatua" izan da. Merkelek esan du Alemaniak babestu egiten dituela hiru herrialde horiek, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide egonkor gisa "arduratsu" jokatu dutelako eta Alemaniak behar diren "pauso diplomatiko guztiak" emango dituela ere gaineratu du, arma kimikoen erabileraren kontrako nazioarteko ituna hauts ez dadin.
Merkelek esan du "zantzu guztien arabera" Al Asaden erregimena dagoela aurreko astean Duman "dozenaka emakume, gizon eta haur hil zituen eraso kimikoaren atzean". "Eraso militarra beharrezkoa zen eta proportzionatua izan da, arma kimikoak erabiltzea debekatuta dagoela ohartarazteko Siriako agintariei" adierazi du.
Espainia
Espainako Gobernuak ere babesa agertu dio AEBen, Frantziaren eta Britainia Handiaren erasoari: "ekintza neurtua izan da helburuei eta baliabideei dagokienez" esan dute Atzerri Ministeriotik.
Gainera, Siriako erregimena babesten dutenei Al Asadi "behar den presio guztia" egiteko eskatu die, berriz ere herritarren kontrako erasorik egon ez dadin. Era berean, NBEak gidatutako bake prozesu baten alde egiteko ere eskatu du.
Belgika
Charles Michel Belgikako lehen ministroak txioa kaleratu du Twitterren: "Belgikak gogor gaitzesten du arma kimikoak erabili izana Sirian, eta ulertu egiten dugu AEBen, Frantziaren eta Erresuma Batuaren erasoa".
Italia
Paolo Gentiloni funtziotan dagoen Italiako Gobernuko presidenteak "erasoak bere horretara mugatuta geratu" behar duela eta "gatazkak gora egitea ekidin" behar dela esan du. Eta ildo horretan, gaurkoa alarma gisa hartu eta elkarrizketari heltzeko probestu behar dela gaineratu du.
Herbehereak
Mark Rutte Holandako lehen ministroak ere erasoa "proportzionala" eta "zuzena" izan dela esan du: "Herbeheeretako Gobernuak uste du oso litekeena dela arma kimikoak erabili izanda Duman eta Siriako Gobernua izatea erantzulea. Nazioarteak ezin du hori onartu eta beraz, ulertzen dugu AEBen, Erresuma Batuen eta Frantziaren erantzuna; zuzena eta proportzionatua izan da, gertatua kontuan izanda.
Portugal
Portugalgo Gobernuak ere "operazio militar zehatza" izan dela esan du eta Portugalek ulertzen dituela "arrazoiak eta oportunitatea". "Lagun ditugun hiru herrialdek egindako erasoa" izan dela ere esan du Portugalgo Atzerri Ministerioak, "nazioarteko zuzenbidean debekatuta dauden arma batzuk sortzea, zabaltzea ere erabiltzea ekidin nahi izan da".
Europako Batzordea
Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak ere ontzat eman du erasoa eta Europar Batasuna "aliatuekin egongo" dela iragarri du. Twitterren zabaldutako mezu batean ondokoa esan du: "AEBen, Frantziaren eta Erresuma Batuaren erasoak argi uzten du Siriako erregimenak, Errusiarekin eta Iranekin batera, ezin duela jarraitu giza-tragedia honekin, ez behintzat zigorrik gabe".
Turkia
AEBen eta bere aliatuen erasoa "erantzun egokia" izan dela esan du Turkiako Gobernuak ere: "Ongietoerria ematen diogu operazi honi, Dumako erasoaren aurrean gizateria guztiak ematen duen erantzuna baita, susmo larriak baitaude Siriako Gobernua egon zela atzean, esan du Atzerri Ministerioak.
Greziako Gobernua, Corbin, Sanchez, Iglesias …. zenbait ahots kritiko
Greziako Gobernuak esan duenez, "elkarrizketa diplomatikoa" da Siriako gatazka konpontzeko bide bakarra, eta ez munduan "gerra hotz" berri bat zabaltzea. "Atzoko operazioak, espero bezala, ez du Siriako krisia konpontzen lagundu. Gaur ez gaude egoera bideratzetik gertuago", esan du Exekutibo greziarrak.
Jeremy Corbyn buruzagi britainiar laborista ere mintzatu da bart gaueko erasoaz, eta zalantzan jarri du atzoko operazio militarra "legezkotasuna". Erresuma Batuko oposizioko buruzagiak esan duenez, inork ez lituzke Estatu Batuetako presidentearen "jarraibideak" onartu behar, "norbere herrialdeko armadak behartuz".
Corbynek uste du bart gaueko ekintza militarrak egoera are gehiago gaiztotu duela, eta eraso gehiago egoteko arriskua handitu egin dela. Era berean, Siriako gatazka "bidegabearen erantzuleak" epaitzea geroz eta zailagoa dela adierazi du.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak txio baten bidez plazaratu du gaiari buruzko bere iritzia. "Nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak" errespetatzea eskatu du buruzagi sozialistak. Gatazka guztietan biktima gehienak "errugabeak" direla esan du, eta horientzat elkarrizketarako eta negoziaziorako nazioartearen konpromisoa ezinbestekotzat jo du.
Pablo Iglesias Podemoseko buruak ere gogor salatu du erasoa, eta nazioarteko legedia izan du hizpide. Horren iritzian, Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Siriak entzungor egiten diote nazioarteko araudiari. "Nazioarteko behatzaileak arma kimikoen erabilera aztertu behar zuten egunean izan da erasoa. Zer dio Espainiako Gobernuak? Eta Ciudadanosek? Trump bakearen bila ari dela esango al digute? Gerrarik,ez", idatzi du Iglesiasek Twitterren.