Mundua -

SIRIA

Dumako erasoa asmakeria hutsa dela erakusteko frogak dituela dio Errusiak

AEBk, Erresuma Batuak eta Frantziak, berriz, arma kimikoak erabili zirela berretsi dute. Moskuk uste du hau guztia Siriaren kontrako erasoaldi militar bat justifikatzeko asmoz egin dutela.

Duma, Siria
Duma, Siria
Duma, Siria

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den larunbatean Siriako Duma hirian izandako ustezko eraso kimikoaren harira "froga erantzunezinak" dituela esan du Errusiak, erasoa Moskuko Gobernuari eta Damaskoko erregimenari "errua leporatzeko asmakeria hutsa" baita.

"Asmakeria dela erakusteko datu erantzunezinak ditugu, eta horren atzean errusiafobia kanpainaren abangoardian egon nahi duen herriko zerbitzu sekretuak daude", esan du Serguei Lavrov Kanpo Arazoetarako ministro errusiarrak.

AEBk eta horren aliatuek Bachar al Asadi (Errusiaren babesarekin) erasoa egotzi ostean erantzun die Lavrovek. Erasoan 50 zibil inguru hil ziren.

Errusiaren arabera, Dumakoa eraso kimikoa izan zela esanda, Siriaren kontra erasoaldi militarra abiatzea justifikatu nahi dute.

Moskuk onartezintzat jo du Damaskori Duman arma kimikoak erabili izana leporatzea eta Estatu Batuek eta aliatuek Siriako Armadaren aurka eginez gero, ondorioak “larriak” izango liratekeela ohartarazi dute, batez ere kaltetuak herrialde horretan dauden soldadu errusiarrak baldin badira.

Bestalde, Errusiako Atzerri Ministerioak esan du ustezko eraso kimikoaren muntaiaren atzean Erresuma Batuko Gobernua dagoela.

"Frogak ditugu probokazio horren antolakuntzan Britainia Handiak parte-hartze zuzena izan duela esateko", azpimarratu du Igor Konashenkov Atzerri Ministerioaren bozeramaileak ohar baten bidez.

"Muntaia nola egin zen, nork parte hartu zuen eta zer egin zuten erakusten duten elkarrizketak grabatuta ditugu", azaldu du.

"Pertsona horiek ez dute euren burua ezkutatu. Ez dira sare sozialetan zabaldutako mezuak edota ekintzaile anonimoek egindako adierazpenak. Dumako bideo faltsuen grabazioan parte hartu zutenak dira", nabarmendu du.

Apirilaren 3a  eta 6a bitartean, Londresek Dumako erasoa salatu zuten gobernuz kanpoko erakundeko kideei "muntaia horretan parte hartzeko presio handia" egin zietela jakin badakitela berretsi du.

AEBk eraso kimikoa izan zela dio

Bestalde, Nikki Haley Ameriketako Estatu Batuek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak adierazi du Dumakoa eraso kimikoa izan zela esateko frogak badituztela eta arma horien erabilera geldiarazteko premiazko neurriak hartzea ezinbestekoa dela erantsi du.

Segurtasun Batzordean bileran sartu aurretik, Haleyk azaldu du Estatu Batuak, Frantzia eta Erresuma Batua bat datozela Duman gertatu zenaren inguruko analisia egiterakoan, hots, hiru herrialdeek uste dutela arma kimikoekin egindako erasoa izan zela.

Nolanahi ere, eraso horren aurrean nola erantzungo duten erabaki ez dutela eta erabaki hori lasaitasunez hartu behar dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gerra Sirian Mosku albisteak Errusia argazkiak Siria gaur Ekialde Hurbila