Mundua -

ANALISIA

Venezuela, hauteskunde dataren gorabeherak

1958. urtetik presidentea aukeratzeko 13 hauteskunde egin dituzte Venezuelan, eta horietako 10 egin dira Konstituzioak zehazten duen egunean.

Nicolas Maduro ekitaldi politiko batean. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro ekitaldi politiko batean. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro ekitaldi politiko batean. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten hauteskundeak egingo dituzte Venezuelan. Presidenterako hauteskundeak izango dira eta 2019-2025 aldirako presidentea aukeratuko dute herritarrek. Ohiturak kontuan hartuz gero, abenduan egin beharko lituzkete, hau da, kargu aldaketa egiteko erabili ohi duten hilabetetik gertu. Venezuelako Konstituzioaren arabera, kargu hartze hori urtarrilean izan beharko litzateke.

Hauteskundeak 2018ko apirilaren 30era aurreratzeko dekretua onartu zuen Asanblea Nazional Konstituziogileak. Orain arte abenduan egin dituzte, eta apirilean egiteko erabaki horrek aurka jarri ditu hainbat alderdi, erakunde eta gobernu; Batasun Demokratikoko Mahaia (MUD), Latinoamerikako gobernuak, Europar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua, besteak beste. Hauteskundeak aurreratzearen kontra agertzeaz gain, deialdi hori bertan behera utzi, hauteskundeak atzeratu eta berme guztiak eskainiko dituen prozesu bat abiatzeko eskatu diote Venezuelako Gobernuari.

Horrela, Avanza Progresistak, Sozialismorako Mugimenduak (MAS) eta Hauteskunde Antolaketa Politiko Independenteko Batzordearen (COPEI) frakzio batek, Maduro presidentearen Venezuelako Alderdi Sozialista Batuarekin (PSUV) batera, hauteskundeak 2018ko maiatzaren 20an egitea adostu zuten martxoaren 1ean, hauteskundeei zilegitasun handiagoa emate aldera. “Berme guztiak jasotzen dituen akordioa” sinatu bezain pronto iragarri zuen data hori Hauteskunde Kontseilu Nazionalak, Nicolas Maduroren zerbitzura egotea egotzita oposizioaren kritika ugari jaso dituen erakundea.

Venezuelarrak maiatzeko bigarren hamabostaldian bozkatzera deitu dituen deialdia nazioarteari bidalitako mezu bat bezala hartu dute alderdi askok, hauteskunde kanpaina laburregia zela-eta prozesuaren bermeak zalantzan jarri baitzituzten. Hauteskunde Batzorde Nagusiaren iragarpen horren aurrean, MUD alderdiak hautagairik ez aurkeztea erabaki zuen, baldintza demokratikoak urriak direla eta data horrek legeak esaten duena urratzen duela iritzita.

Hauteskunde eguna aldatzea, baina, ez da ohikoa izaten. Presidentea hautatzeko 13 hauteskunde izan dira Venezuelan 1958. urtetik, hau da, diktadura bukatu zenetik, eta horietako 10 abenduan egin dituzte. Gainerako hirurak, aldiz, aparteko hauteskundeak izan dira: 2000.ean, boterea legitimatzeko hauteskundeak egin zituzten, “megahauteskundeak”; 2012an urrira aurreratu zituzten, Chavezek ere parte hartzeko aukera izan zezan, hilzorian baitzegoen ordurako; 2013an egin zituzten azkenak.

Asko eztabaidatu da hauteskunde eguna aldatzeko erabaki horren eraginaren inguruan, eta asko dira bat-bateko aldaketa horren atzean zer dagoen jakin nahi duten adituak.

Data aldaketari buruzko iritziak

Sandra Ramirez El Tiempo kolonbiar egunkariko editoreordeak egoerari buruzko azterketa labur bat egin zuen, eta data aldatzeko erabaki horren atzean bi alde estrategiko oso argi daudela esan zuen: “Lehenik eta behin, Maduro presidenteak argi utzi nahi zuen oposizioa zatituta zegoela hiru alderdi MUDetik atera eta bere alderdiarekin bat egin ondoren”, Ramirezen ustez. Halaber, horren esanetan, oposizioari hauteskundeetan parte hartzeko aukera eman diotela erakutsi nahi die venezuelarrei eta munduari Madurok.

Luis Salamanca politologoaren iritzian, Venezuelako presidentea aukeratzeko hauteskundeak Gobernuko buruaren neurrira egingo dira, eta aldaketa hauteskunde horiei itxura demokratikoa emateko besterik ez dutela egin erantsi du: “Hauteskundeak eramangarriak balira bezala erabiltzen ari dira, nonahi, noiznahi eta nolanahi deituta, Gobernuari komeni zaionaren arabera”.

Edgard Gutierrez aholkulari politikoaren esanetan, “Madurok onean ez du irabaziko, eta, hori dela eta, oposizioa zatituta nahi du: oposizioak hautagai bat baino gehiago izatea eta batzuk hauteskundeetan parte hartzearen alde eta beste batzuk kontra egotea”. Horren ustez, “hobe da beraientzat hauteskundeak lehenbailehen deitzea, oposizioa antolatu gabe harrapatu dutelako eta orain gizartean tentsioa gero baino txikiagoa izango delako”.

Bestalde, Carmen Beatriz Fernandez hauteskunde kanpaina eta komunikazio politikoan adituaren hitzetan, beti egon da hauteskundeak lehen lauhilekoan egiteko aukera: “Gobernuak abenduan, eskualde hauteskundeetan, emaitza onak lortu ostean, hauteskundeetarako makineria prest zuela eta hauteskundeak aurreratuta ezustekoa ematea komeni zaiola uste zuen”.

Azkenik, oposizioaren zati baten arabera, hauteskundeak egiteko eguna aldatzeko beste arrazoi bat orain dagoen denbora tarte txikia da, horrela ez baitu kanpoan dauden venezuelarren Hauteskunde Erregistroa eguneratzeko astirik emango. Azken erroldaren arabera, atzerrian dauden 111.000 venezuelarrek bakarrik dute botoa emateko aukera; oposizioak uztailaren 16an eginiko plebiszituaren arabera, baina, balizko 750.000 hautesle daude erbestean. Gainera, 2009ko legearen arabera, atzerrian etxebizitza legal finkoa dutela frogatu behar dute kanpoan bizi direnek, botoa atzerritik eman nahi badute. Hori frogatzerik ez dutenek, berriz, Venezuelara itzuli beharko dute botoa ematera.

Kritika horien guztien aurrean, Maduro ez da ezkutatu, eta honakoa esan du: “Adostutako data bat da, eta egun horretan herritarrek modu burujabe, aske, zuzen eta sekretu batean aukeratuko dute presidentea. Zergatik aurreratu, orduan, hauteskundeak? Eskatu egin dutelako. Mundu osoko eskuinak eta Venezuelako oposizioak urtebete baino gehiago eman dute hauteskundeak aurreratzea eskatzen eta guk oso serio hartzen ditugu bai hemengo bai kanpoko eskariak”.

Hori guztia kontuan harturik, analistek azpimarratu dute ia ezinezkoa dela Madurok hauteskundeak galtzea, Gobernuak duen makineria, "gizartearen kontrola" eta oposizioan dagoen zatiketa nabarmena delako. Beraz, maiatzaren 20ra arte itxaron beharko da hauteskundeen emaitzak ezagutu eta aipatutako argudio horiek eta data aldaketak horretan eraginik izan duten jakiteko.

 

(*) Imanol Butron Alonso EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten. Gainera, Zientza Politikoetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eguneko albisteak Venezuela albisteak Latinoamerika Nicolás Maduro gaur Hauteskundeak gaur