Mundua -
Gerra Sirian
NBEren Segurtasun Kontseiluak betoa jarri die eraso kimikoaren gaineko ikerketei
AEBk eta Errusiak proposamen bana aurkeztu dute, baina NBEk ez ditu onartu. Bestalde, Siriako aire espazioan bonbardaketak izan litezkeela ohartarazi die Eurocontrolek aire-konpainiei.
agentziak
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak betoa jarri die AEBk eta Errusiak aurkeztutako bi ikerketa proposameni, Siriako eraso kimikoak argitu eta horien erantzuleak zeintzuk diren zehazteko.
Sputnik albiste agentzia errusiarrak jasotako informazioaren arabera, AEBk aurkeztutako proiektuak aldeko 12 boto, kontrako bi -Errusia eta Bolivia- eta Txinaren abstentzioa jaso du.
Ebazpen batek aldeko 9 boto eta Estatu Batuek, Errusiak Txinak, Frantziak edo Erresuma Batuak betorik ez jartzea behar du onartu ahal izateko.
Nikki Haley AEBk NBEn duen enbaxadoreak bozketaren aurretik esan zuenez, "ebazpena Kontseiluak egin dezakeen gutxiengoa da erasoari erantzuteko", alegia, Duman aurreko larunbatean izan zen erasoaren ostean, Reuters albiste agentziaren esanetan.
Bestalde, Vasili Nebenzia ordezkari errusiarrak azaldu zuenez, Washingtonek aurkeztu zuen ebazpen proiektuak "ez du zerikusirik Siriako gertaera kimikoa aztertzeko ikerketa independente batekin".
Handik minutu batzuetara, Errusiak aurkeztu duen ebazpen proiektuak ere ez du aurrera egiterik lortu, aldeko sei boz, kontrako zazpi eta bi abstentzio izan dituelako.
Moskuk aurkeztu zuen proiektuaren arabera, ikertzaileek NBEren Segurtasun Kontseiluari informatu behar zioten, eta horrek erabakiak hartu, ondorioz.
Eurocontrolek abisua eman die aire konpainiei
Aire Nabigazioaren Segurtasunerako Organizazio Europarrak (Eurocontrol) Sirian aireko erasoak izan litezkeela ohartarazi die aire konpainiei, eta, hortaz, datozen 72 orduotan zuhurtziaz jokatzeko eskatu die.
Eurocontrolen arabera, baliteke gurutzaldi-misilak jaurtitzea eta, abisatu duenez, irrati bidezko komunikazioetan ere arazoak egon litezke datozen egunotan.
Trump ez da Latinoamericara joango
Donald Trump AEBko presidenteak bertan behera utzi du Latinoamerikara egitekoa zuen lehen bidaia eta, bere ordez, Mike Pence presidenteordea izango da Liman egingo den Amerikako Goi Bileran, baina ez du mantendu Kolonbiara egingo zuen bisita.
Etxe Zuriaren hitzetan, Sirian izan zen eraso kimikoari eman beharreko erantzuna koordinatzeko hartu du erabakia Trumpek, baina nazioarteko analisten iritzian presidente estatubatuarrak Latinoamerikan duen interes faltagatik hartu dute erabakia.