Mundua -
Dumako erasoa
Siriaren inguruko erabaki bat datozen 24 edo 48 orduetan hartuko du Trumpek
Dozenaka hildako utzi zituen larunbateko erasoa berriz gaitzetsi du Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. “Gupidagabea” eta “izugarria” izan zela salatu du Trumpek.
Agentziak | Erredakzioa
Duman (Siria) egindako ustezko eraso kimikoari datozen 24 edo 48 orduetan erantzungo diola ziurtatu du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.
Trump bere kabinetearekin bildu da astelehen honetan. Dozenaka hildako utzi zituen larunbateko erasoa berriz gaitzetsi du buruzagiak. “Gupidagabea” eta “izugarria” izan zela salatu du Trumpek.
“Aukerarik ez dugu baztertzen”, ohartarazi du Trumpek, ekintza militar baten aukeraren inguruan galdetuta.
Zentzu horretan, gertatukoaren aurrean eman beharreko erantzuna eztabaidatzen ari da bere Administrazioa, eta datozen 24 edo 48 orduetan erabaki bat hartuko du, azaldu duenez. “Gizatasun afera da, ezin dugu gertatzea onartu”, defendatu du Trumpek.
Horrela gauzak, erasoa “errusiarrek, Siriak, Iraneko, edo hirurek batera” egin ote zuten jakingo du AEBk, ziurtatu duenez.
“Ez zutela egin diote beraiek, baina niretzako ez dago zalantza handirik. Datozen orduetan jeneralek jakingo dute”, erantsi du.
Bestalde, Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiarekin bilera historikoa “maiatzean edo ekainaren hasieran” izango dela adierazi du Trumpek, baina ez du tokiaren inguruko xehetasunik eman.
“Elkar ikusiko gara maiatzean ala ekainaren hasieran, bi aldeen arteko errespetua izango dela uste dut, eta desnuklearizazioaren inguruko akordio bat espero dut”, esan du Trumpek Etxe Zurian.
“Bilera oso interesagarria izango da, munduarentzat oso interesgarria”, gaineratu du.
Gainera, hitzorduaren ostean Washingtonen eta Piongiangen arteko harremana “oso bestelakoa” izateko itxaropena agertu du Trumpek.
Bilera non izango den ez dute oraingoz jakinarazi, baina Ulan Batorren (Mongolia) egiteko zurrumurrua zabaldu da azken egunetan.