Mundua -
Tentsioa Korea bien artean
Hego Koreako Defentsa ministroak dimisioa aurkeztu du
Oposizioak dimititzeko eskatzen zion Ipar Korearen "probokazioei" indartsuago ez erantzuteagatik.
Erredakzioa
Kim Tae-young Hego Koreako Defentsa ministroak dimisioa aurkeztu du gaur, Ipar Koreak Hego Koreako irla bati eraso egin eta lau pertsona hil (horietako bi, zibilak) eta bi egunera.
Yonhap albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, Lee Myung Bak Hego Koreako presidenteak dimisioa onartu egin du.
Oposizioko diputatu Gobernuan dagoen alderdiko kide batzuek dimisioa eskatu zioten gaur bertan, erasoaren ostean Exekutiboak ez duela ondo jokatu argudiatuta.
Lee Myung Bak presidentearen Gobernua gero eta gehiago kritikatzen ari dira, Piongiangen jarrera oldarkorraren aurrean entzungor egitea egotzita.
Ipar Koreak Yeonpyeong uhartea bonbardatu eta gero, Hego Koreako Armadak tiro eginez erantzun zuen, baina borroka arauak errespetatuta, eta Leek premiazko bilera deitu zuen idazkari nagusiekin.
Armadaren argudioak
Bere aldetik, Itsas Armadaren goi-kargudun batek, Joo Hong Hwa teniente jeneralak, ziurtatu du 13 minutu baino ez zirela pasatu Ipar Korearen erasoari erantzun zioten arte. "Soldaduek ez zuten ihes egin, arerioari tiro egiten ari hasi ziren, inoiz gertatu ez bezala", azaldu du. Bere esanetan, soldaduek "lan ona" egin zuten.
Ipar Korearen bertsioaren arabera, Hego Koreak eraso ziolako egin zuten tiro. Halaber, aurrez ikusita zeuden ariketa militar batzuk ez egiteko ohartarazi zioten Seuli.