Mundua -

Brasil

Lula da Silvak uko egin dio bere burua Justiziaren esku uzteari

Espetxeratzeko epaileak emandako epea gaur gauean amaitu da. Brasilgo presidente ohia sindikatu baten egoitzan dago gotortuta, Sao Paulon.

Lula da Silva Brasilgo presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE
Lula da Silva Brasilgo presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE
Lula da Silva Brasilgo presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo Justiziak Lula da Silvari bere burua entregatzeko eta kartzelatzeko eman zion epea gaur gauean amaitu da, baina Brasilgo presidente ohiak uko egin dio bere burua Justiziaren esku uzteari.

Lula da Silvari 12 urteko kartzela-zigorra ezarri diote ustelkeria egotzita eta Sergio Moro epaile federalak gaur 20:00ak arteko (GMT ordua) epea eman zion bere borondatez auzitegian aurkezteko.

Alabaina, epea amaitu da eta ez du hala egin, eta Metalurgia sindikatuak Sao Paulon duen egoitzan dago gotortuta. Joan den ostegunetik dago han.

Polizia Federalak esan du presidente ohiaren abokatuekin negoziatzen jarraituko dutela, baina litekeena da datozen orduetan polizia-operazio bat egitea Lula da Silva atxilo hartzeko.

Hori bai, Brasilen atxiloketak goizeko 06:00etatik arratsaldeko 18:00eta bitartean (21:00 GMT) soilik egin daitezke. Beraz, Poliziak ordubete dauka atxiloketa gauzatzeko, bestela datorren astera arte itxaron beharko du.

Auzitegian aurkeztu ez denez, Lula da Silvak epaileak aitortu behar zizkion onurak galdu ditu, besteak beste, espetxean ziega berezi batean egoteko aukera, gainerako presoengandik bananduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea