Mundua -
Iruzkina
Irlanda: izugarrizko doiketa plana
Puntu batzutan, Latinoamerikako herrialdeek 80ko hamarkadan onartutakoa baino gogorragoa da.
Jesus Torquemada
Sekulakoa izan behar du Irlandako finantza publikoek eta pribatuek duten zuloa; Gobernuak onartu duen doiketa plana begiratu besterik ez dago. Irlandak iragarri dituen neurriak Greziak onartutakoak baino askoz zorrotzagoak dira.
Puntu batzutan, Irlandako plana, Latinoamerikako herrialdeek 80ko hamarkadan onartutakoa baino gogorragoa da. Etsita, kanpo zorra negoziatu behar izan zuten orduan Hegoamerikako herrialdeek.
Irlandako Estatuak gastuak murriztu behar ditu alde guztietatik, eta diru-sarrerak gehitu zergak igoz. Neurri batek atentzioa ematen du: erretiroa hartzeko adina 68 urtera arte atzeratzea. Orain arte, Alemaniak iragarri du 67 urtera arte atzeratzea, eta beste herrialde batzuk antzeko neurria har dezakete. Irlanda da maila altuena jarri duena.
Era honetako neurriekin, edozein gobernuk bere buruaz beste egingo luke. Brian Cowen lehen ministroak erretiratzeko borondatea agertu du, zeren hauteskundeak aurreratu egingo dituela iragarri baitu. Ikusteko dagoena, hauteskundeak egin baino lehen, Parlamentuak Estatuko Aurrekontuak onartuko dituen ala ez, neurri batzuk aurrekontu horietan baitaude jasota.