Mundua -

Faveletan

21 lagun hil dira polizia-operazio batean, Rio de Janeiron

Rio de Janeiroko 27 auzo txirotan egin dituzte operazioak. Bi polizia zauritu dira borroketan, tiroen ondorioz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

21 lagun hil eta beste 150 atxilotu ditu Polizia Militarrak banda armatuen aurka egindako operazioetan, Rio de Janeiron, iragan astelehenetik. Ostegun honetan ekintzak "areagotuko" dituela iragarri du Poliziak.

Ofentsibako egunik odoltsuena izan da gaurkoa, izan ere, drogra-trafikatzaile bandetako ustezko 13 kide hil dira, Henrique de Lima Castro koronelak aurkeztutako txostenaren arabera. Narkotrafikatzaileak faveletan babesten dira.

Rio de Janeiroko 27 auzo txirotan egin dituzte operazioak gaur, besteak beste, Brasileko bigarren hiri handieneko auzorik arriskutsuenetan.

Bi polizia zauritu dira

Bestalde, bi polizia zauritu dira borroketan, tiroen ondorioz. Droga eta arma ugari atzeman ditu Poliziak operazioetan.

Polizia Militarra alerta egoeran dago, langileen oporrak eta atsedenaldiak bertan behera utzi dituzte eta 17.500 agente kaleetan dira, bulegoetako langileak barne.

Azken egunetan polizia-etxeei eraso egin eta autobusei zein ibilgailuei su eman diete banda armatuek. Ondorioz, Poliziak erantzun behar izan du, baina liskarrek gaur jarraitu dute.

Igandeaz geroztik bandek 29 ibilgailuri su eman diete, aldez aurretik hustu eta gero. Hamaika autori, bost autobusi eta furgoneta bati su eman diete gaur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea