Mundua -
Ekialde Hurbila
Nakbaren protestetan hildako 16 palestinarren kasuak ez ditu ikertuko Israelek
Israelgo armadak indarkeria bultzatzea leporatu dio Hamasi, eta ostiralean hil ziren palestinarretatik hamar bat adar armatuko kideak zirela ziurtatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Israelek ez du ikertuko joan den ostiralean Nakba dela eta Gazako mugan egindako protestak gelditzeko abiatutako operazioan militar israeldarrek izandako jokabidea, Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez. 16 palestinar hil eta beste 1.400 zauritu ziren liskarretan.
"Israelgo soldaduek behar zena egin zuten. Guztiek domina bat merezi dutela uste dut", esan dio Liebermanek armadaren irratiari. "Eta ez da inolako ikerketa batzorderik egongo", gaineratu du.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gertatutakoa ikertzea eskatu zuen ostiralean. Aldarrikapen horrekin bat egin zuten Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomazia buruak, Amnistia Internacional erakundeak eta Tamar Zandberg Israelgo oposizio ezkertiarreko Meretz alderdiko buruak.
Larunbatean, tropa israeldarrek 70 bat palestinar zauritu zituzten mugako manifestarien artean, munizio erreala eta gomazko balak erabilita. Horrez gain, Reuters agentziako lekukoen arabera, harriak ere jaurti zituzten soldaduen aurka.
Neurriz jardun zutela defendatu du Israelek, ostiraleko biktimetatik hamar bat Hamas mugimendu islamiarraren adar politikoaren kideak zirela ziurtatzeaz gain. Hamas taldeak, bere aldetik, zortzi soldadu soilik hil zirela esan du.
Protestak maiatzaren 15ean amaituko dira, palestinarrek Nakba ("hondamendia") ospatzen duten egunean. 1948ko maiatzaren 15ean milaka palestinar bota zituztela gogoratzen dute, eta beste hainbatek ihes egin behar izan zutela.