Mundua -
Carabobo, Venezuela
Komisarian hildako 68 pertsonen 45 gorpu entregatu dituzte Venezuelako agintariek
Gainera, "atxilotuei orain dela gutxi egindako argazkiak" erakustea eskatu diete senideei, identifikatu gabe daudenak identifikatzen laguntzeko.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako agintariek atzo, osteguna, erdialdeko udalerri bateko komisaria batean hil ziren 68 pertsonen 45 hilotz entregatu dituzte dagoeneko, tokiko hedabideen arabera.
"Caraboboko Komisarian izandako matxinadan hildakoen 45 gorpu entregatu zaizkie senideei ostegun goizean", argitaratu du El Carabobeño egunkariak web gunean. Gaineratu duenez, hilotzak hilkutxetan entregatzen jaso dituzte familiek.
Horrez gain, atxilotuei orain dela gutxi egindako argazkiak" erakustea eskatu diete senideei, identifikatu gabe daudenak identifikatzen laguntzeko.
Gertaera Valentzian jazo zen (Carabobo estatuan, herrialdeko erdigunean) 04:00ak aldera (10:00etan, gurean), eta suak komisaria bat hartu zuen, lekukoek Eferi adeirazi ziotenez.
Senideen protestak, ezbeharraren berri izan ostean. Argazkia: EFE
Tarek Saan fiskal nagusiak baieztatu zuen gauean 66 preso eta bisitan zeuden bi emakume hil zirela "ustezko sute" batean, eta ikerketa abiarazi zuten.
Hala, Venezuelako oposizioak iragarri duenez, sarraskitzat jo duen gertaera argitzeko ikerketa abiaraztea eskatu dute Parlamentuan.
NBEk, bestalde, Genevan plazaratutako ohar batean adierazi duenaren arabera, Venezuelako kartzelan izan ohi den pilaketak eta komisarietako epe laburreko ziegak espetxe moduan erabiltzeak indarkeria sortzen dute.
Erakundeak Torturaren aurkako Itunean jasota dagoen protokoloa berrestea eskatu dio Venezuelari, nazioarteko ikuskariek kartzelak modu independentean azter ditzaten.