Mundua -
Caraboboko espetxean
68 pertsona hil dira Venezuelako kartzela batean izandako 'ustezko sute' batean
Caraboboko presondegian asteazkenean jazo zen gertakaria, matxinada baten ostean. Venezuelako espetxe batean izandako bigarren gertakari larriena da.
Agentziak | Erredakzioa
"Ustezko sute", horrela deskribatu du Tarek Saab Venezuelako fiskalburuak asteazkenean Caraboboko kartzelan (herrialdearen erdialdean) jazotakoa. Gutxienez 68 pertsona hil dira gertakari lazgarrian. Lehen datuen arabera, matxinada jazo zen espetxean, eta ondoren, ziegetako batean sua piztu zuten, Carabobon 04:00ak zirenean (08:00 GMT).
"Ministerio Publikoak jakinarazi nahi du lau fiskal izendatu ditugula Caraboboko Poliziaren espetxean gertatutako jazoera lazgarriak argitzeko. Gutxienez 68 pertsona hil dira ustezko sute batean", azaldu du Saabek Twitterreko bere kontutik botatako mezu batean.
Saaben hitzetan, "lehen ikerketen arabera", hildakoen artean "66 gizon daude eta bisita egiten ari ziren bi emakume". Denei autopsia egingo diete eta gorpuak senitartekoen esku utziko dituzte, erantsi duenez.
Fiskalburuak esan du ikerketa abiatu dutela "gertakari mingarri hauek lehenbailehen argitzeko".
Venezuelako hedabideek asteazken goizean eman zituzten datuen arabera, bost ziren hildako presoak eta bi polizia zauritutakoak. Dena dela, iluntzerako guztira 70 pertsona hil zirela zabaldu zuten hainbat egunkari digitalek.
Presoen senideek EFE albiste agentziari esan diotenez, kea arnastugatik intoxikatuta hil dira asko, eta beste batzuk erreduren ondorioz.
Informazio falta eta istiluak
"Inork ez digu informaziorik eman. Segurtasun indarrei eskatzen diet presoak txakurren moduan ez tratatzea. Ez jaurti gasolina, ez tirokatu... ez dira txakurrak" esan die kazetariei Lissette Mendoza Yorman Salazar presoaren amak.
"Lapurretagatik dago preso, baina horregatik ezin dute txakur bat balitz bezala hil", adierazi du.
Presoen senitartekoak Poliziari aurre egiten. Argazkia: EFE
Sutearen berri izan eta berehala, kartzelaren kanpoaldean pilatzen hasi dira presoen familiak, informazio eske. Istiluak ere sortu dira, eta Poliziak negarra eragiteko gasa bota du.
Handik ordu batzuetara, prentsa-oharra kaleratu du Caraboboko Gobernazioak biktimen senitartekoei doluminak emateko eta behar duten horretan laguntza emango dietela esateko.