Mundua -

Kemerovo, Errusia

64 pertsona hil dira Siberiako merkataritza zentro batean izan den sutean

Sua eraikinaren azken solairuan piztu da, hain zuzen, zinema aretoak eta umeentzako guneak dauden lekuan, eta 1.500 metro koadro erre ditu. Antza, ez da aktibatu suteen aurkako alarma.

Eraikina behera erortzeko arrisku handia dago. Agentzietako bideo batetik hartutako argazkia
64 hildako, tartean ume asko, Siberiako saltoki-gune batean izandako sutean

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

64 pertsona hil dira Kemorovon, Siberian (Errusia), igandean merkataritza zentro batean izan den sutean, Sputnik albiste agentziak zabaldu duenez.

Vladimir Puchkov Errusiako Larrialdietarako ministroak baieztatu du hildakoen kopurua, eta hainbat pertsona desagertuta daudela erantsi du.

Era berean, Puchkoven arabera, zenbait lagun zaurituta daude, horietako bi larri, eta gertakaria izan den lekutik gertuko ospitaletan daude. Osasun zerbitzuek 36 pertsona artatu dituzte, baina ez dute ospitalera joan behar izan.

Suteak 1.500 metro koadro kiskali ditu, eta itzalita dago jada. Merkataritza zentroko azken solairuan piztu da, hain zuzen, zinema aretoak eta umeentzako jolas guneak dauden lekuan. Suhiltzaileek bi areto aztertu dituzte, baina hirugarrena kez beteta dago eta ezin izan dira sartu.

Hasierako ikerketaren arabera, ez zen eraikineko suteen aurkako alarma piztu, hori dela eta, barruan zeuden pertsonak kea sartu zenean ohartu ziren suteaz.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak behar adina baliabide mugiaraztea eta biktima zein zaurituen familiak laguntzea agindu zuen igandean. Horren ildotik, presidenteak doluminak agertu dizkie hildakoen senideei, eta zaurituak ahalik eta arinen sendatzea espero du.

Veronika Skvortsova Osasun ministroa Kemerovora joan da, Dimitri Medvedev lehen ministroak hala eskatuta, zaurituei ematen dieten arreta gainbegiratzeko. Halaber, Puchkov ere bertaratu da, larrialdi egoera ezarri du probintzian eta erakunde federalei ezbeharra kudeatzen laguntzeko eskatu die.

Errusiako Ikerketa Batzordeak ikerketa abiarazi du gertatutakoa argitzeko, eta esan du lau pertsona atxilotu dituztela. Atxilotuen artean, merkataritza zentroa kudeatzen duen enpresako zuzendaria eta sutea piztu zen lokalaren alokatzailea.

Bestalde, Vladlen Aksenov Errusiako Larrialdietako ministro ohiak ohartarazi duenez, eraikina goitik behera erortzeko arrisku handia dago, gehien bat, bi zinema aretoen sabaia jausi eta gero.

Aksenoven esanetan, "solairuen arteko plakak ahultzen ari dira igandean erakinean piztutako sute handiaren ondorioz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak argazkiak Errusia