Mundua -
Peru
Kuczynskik dimisioa eman du Odebrecheten eskandaluagatik, baina errugabea dela dio
Presidenteak kargua utzi du bere kontrako legealdiko bigarren zentsura mozioaren bezperan. Enpresa eraikitzaile brasildarrak esan du 4,8 milioi dolar eman zizkiela Kuczynskirekin lotutako enpresei.
agentziak | erredakzioa
Pedro Pablo Kuczynski Peruko presidenteak dimisioa eman zuen atzo, asteazkena, herritarrei zuzendutako hitzaldi batean, Kongresuak haren kontrako zentsura mozioa egin baino egun bat lehenago. Bigarren mozioa da hilabete gutxian, eta biak deitu dituzte Odebrecht enpresa eraikitzailearekin lotutako ustelkeria eskandalua dela eta.
"Sortutako egoera zail honetan, parte hartu dudan ekintzetan bidegabe errudun aurkezten naute, Errepublikako Presidentetzari uko egitea onena dela uste dut", esan du bere etxetik zabaldutako mezu batean.
Kuczynskiren esanetan, berak ez du "oztopo nahi izan, nazioak horrenbeste behar dituen batasuna eta armonia erdiesteko bidean". "Ez dut nahi nire aberriak ezta nire familiak ere sufritzen jarraitzea, azkenaldian sortutako zuhurtasun faltagatik", azpimarratu duenez.
Etorkizunari buruz ere mintzatu da Kuczynski, eta "Konstituzioaren araberako trantsizio ordenatua" egongo dela adierazi du. Konstituzioak dioenez, Martin Vizcarra presidente ohiak kargua hartuko du, eta egungo presidentearen legealdia bukatu arte, hots, 2021era arte, egongo da agintean. Halere, baliteke hauteskundeak aurreratzea.
Herriaren Indarra alderdiak azken orduotan argitaratu dituen bideo batzuek eragin dute presidentearen erabakia. Irudiotan, Gobernuaren ustezko ordezkariak agertzen dira, eta horiek dirua eta kontratu publikoak eskaintzen dizkiete oposizioko alderdietako kideei, zentsura mozioaren aurka (gaur egitekoa zena) bozkatzearen trukean.
Peruri dagokioenz, Odebrechtek esan zuen 4,8 milioi dolar eman zizkiola Kuczynskirekin lotura duten aholkularitza enpresei. Horietako batek, Westfield Capitalek, 780.000 dolar baino gehiago jaso zituen 2004 eta 2007 bitartean, horietatik, 60.000 dolar Kuczynski Ekonomia ministroa eta Alejandro Toledo presidentea izan ziren garaian jaso zituen.
Akusazioak ikusita, oposizioak zentsura mozioa deitu zuen iazko abenduak 22an, baina, ustekabean, Kuczynskik aurrera jarraitzea lortu zuen.
Presidenteak aprobetxatu egin du aukera bera eta bere Gobernu taldea "errugabeak" direla berresteko. "60 urte eman ditut zintzotasunez lanean (…) sekula egiaztatu ez dituzten akusazioak errefusatzen ditut, eta Peru zintzo, moralaren araberako eta bidezkoarekin konpromisoa berresten dut".