Mundua -
Kolonbia
ELNrekin bake prozesua eta elkarrizketak berriz abiatzeko agindua eman du Santosek
“Bizitzan pentsatuz, bizitzak salbatzeko, Kolonbiarentzako erabateko bakea lortzeko, ELNrekin elkarrizketak berriro abiatzea erabaki dut”, esan du Kolonbiako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) bake elkarrizketak berriz abiatzea erabaki duela baieztatu du gaur Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. Bake prozesua bertan behera utzi zuen urtarrilaren 10ean, ELNk eraso-sorta egin ondoren.
“Bizitzan pentsatuz, bizitzak salbatzeko, Kolonbiarentzako erabateko bakea lortzeko, ELNrekin elkarrizketak berriro abiatzea erabaki dut”, adierazi du Santosek Nariño Etxean.
Igandeko hauteskundeak egiteko, ELNk iragarritako su-etena erabakigarria izan dela azaldu du agintariak. “Gustavo Bell talde negoziatzaileko buruari Quitora joan eta elkarrizketa mahaia berriz abiatzeko agindua eman diot”, esan du Kolonbiako presidenteak.
Zentzu horretan, 100 eguneko aldebiko su-etena otsailaren 9an amaitu zenetik, “alde bateko zein besteko hildakoak gehiegi dira”, ziurtatu du. Joera hori gelditzea beharrezkoa dela erantsi du agintariak.
“Hori bakarrik hitz eginez lor daiteke, indarraren argudioak argudioen indarrarengatik ordezkatzeko”, azpimarratu du buruzagiak.
Lehenago, ELNk Insurreccion aldizkarian agiri bat argitaratu du. “Santos presidenteak elkarrizketak berriro abiatzeko deialdia” egingo balu bilerara joanen direla iragarri du.
Santosen hitzetan, negoziazioaren alternatiba “urte eta hamarkada askotan” elkar hiltzen eta borrokatzen jarraitzea da. Baina Kolonbiak “ez du zertan etsi behar”, gaineratu du.
Su-eten “zabal eta egiaztagarri” baten bila
Elkarrizketetan, su-eten akordio “zabal eta egiaztagarri” berri bat bilatuko dute aldeek, negoziazio mahaiaren inguruan dauden bitartean heriotza gehiago saihesteko.
“Elkarrizketa ez da ahuleziaren sinonimo; guztiz kontrakoa, erantzukizun ekintza ausarta da. Orainarekin konpromiso ekintza bat da, baina batez ere kolonbiarren etorkizunarekin”, nabarmendu du presidenteak. Bellek eta Rodrigo Rivera bakerako goi komisarioak Santos lagundu dute agerraldian.
Gobernuaren bake ordezkaritzak bidaia noiz egingo duen ez du zehaztu Santosek, baina aste honetan izatea espero da.