Mundua -
Bi Koreen arteko harremana
Trump eta Kim Jong-un maiatzean bilduko dira desnuklearizazioa negoziatzeko
Hego Koreako ordezkaritza bat Etxe Zurian izan da Kim Jon-unen bilera eskaria helarazteko. Aurreikuspen guztien kontra, Trumpek onartu egin du batzartzea.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump eta Kim Jong-un AEBko eta Ipar Koreako presidenteak maiatzean bilduko dira penintsula korearraren desnuklearizazioa negoziatzeko.
Hego Koreako ordezkaritza bat Etxe Zurian izan da ostiral honetan, eta Kim Jon-unek astelehenean egindako proposamena helarazi diote AEBko presidenteari: berarekin "lehenbailehen" biltzeko eskaria.
Negoziazioari ekiteko gogoz dagoela adierazteko hainbat kontzesio egin ditu Ipar Koreako buruzagiak: saiakera nuklearrak eta misil probak etetea, eta penintsula korearra desnuklearizatzeko prest agertu da.
Aurreikuspen guztien kontra, Trumpek onartu egin du bilera. Gauzatzen bada, historian lehen aldiz bilduko dira bi buruzagiok.
Bilera Etxe Zurian
"Trump presidenteak eskertu egin du bilera informatikoa eta Kim Jong-unekin maiatzean bilduko dela iragarri du desnuklearizazio iraunkorra lortzeko asmoz", iragarri du Chung Eui-yong Hego Koreako Segurtasun Nazionalerako Bulegoaren buruak prentsaurreko labur batean.
Oraindik ez dute zehaztu bilera non egingo duten, baina litekeena da bi Koreen arteko mugan izatea, lurralde neutrala delakoan.
Apirilean bi Koreen arteko harremana epeltzeko bilera dago aurreikusita Kim Jong-un eta Moon Jae-in Ipar Korea eta Hego Koreako presidenteen artetik.
Etxe Zurian egindako agerraldian pozik agertu da Chung Eui-yong, eta "gatazka modu baketsuan konpontzeko prozesu diplomatikoan" ekiteko konpromisoa erakutsi du. Halere, lortu artean presio diplomatiko eta ekonomikoari eutsiko diotela ohartarazi du.
Trumpek berak ideia hori berretsi du Twitterren botatako mezu batean: "Aurrerapausoak egiten ari gara, baina zigorrek bere horretan jarraituko dute akordioa lortu arte. Bilera prestatzen!"