Mundua -

Neurri polemikoak

Trumpen ekonomia aholkulariak kargua utzi du, muga-zergen gaineko desadostasunengatik

Gary Cohn ez dator bat altzairu eta aluminioari muga-zergak ezartzeko presidentearen asmoarekin. Trumpek berretsi du ezarri nahi dituela.

Gary Cohn, artxiboko argazki batean. Iturria: EFE
Trumpen ekonomia aholkulariak dimisioa eman du

1:12

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gary Cohn Etxe Zuriko ekonomia-aholkulariak dimisioa eman du asteartean, Donald Trump presidentearekin izan dituen desadostasunengatik, altzairu eta aluminioaren gainean ezarri nahi dituen muga-zergak direla eta.

"Ohore handia izan da nire herrialdearen alde lan egiteagatik eta herri estatubatuarraren hazkundearen aldeko neurri ekonomikoak sustatu izanagatik, bereziki, zerga-erreforma historikoa onartu izanagatik", esan du, Etxe Zuriak argitaratu duen ohar baten arabera.

"Eskerrak eman nahi dizkiot presidenteari aukera emateagatik, eta hari eta Administrazioari arrakasta izatea opa diet", Cohnek gaineratu duenez. Aholkularia 2017an onartutako erreformaren gakoetako bat izan zen.

Trumpek, bere aldetik, Cohnek egindako lan "bikaina" goraipatu du eta, nabarmendu duenez, "zerga murrizketa historikoak eta ekonomia estatubatuarra martxan jartzea lortzen lagundu zuen".

Cohnen erabakia muga-zergen asmoak eragindako ika-mikaren erdian iragarri dute, eta Trumpek bere horretan jarraitzen du neurriaren inguruan.

Otsailean, Estatu Batuetako Merkataritza Departamentuak gutxienez % 24ko zerga ezartzea eskatu zion Administrazioari, altzairuaren inportazio orotan, edozein herrialdetik etorrita ere, edo % 53ko kuota AEBtik 12 herrialderi erostekotan, Txina eta Brasil barne.

Horren ildotik, aipatutako Departamentuak adierazi zuen presidenteak 2018ko apirilaren 11 baino lehen hartu behar zuela erabakia. Ordurako baliteke gomendioak onartzea edo ehunekoak aldatzea proposatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump albisteak