Mundua -
Gatazka Sirian
Ghoutan lehenbizikoz konboi humanitario bat sartu da
Batez ere, sendagaiak eta jakiak eraman dituzte. Oraindik 400.000 zibil daude atera ezinik.
Agentziak | Erredakzioa
Sirian, konboi humanitario bat sartu da lehenbizikoz Ghouta hirian. Sendagaiak eta jakiak eraman dituzte batik bat. Oraingoz ez da arazorik izan, baina Nazio Batuetan giza eskubideen kontseiluak alde armatu guztiei eskatu die laguntza humanitarioari oztoporik ez jartzeko, Ghouta hirian oraindik 400.000 zibil baitaude irten ezinik.
Bestalde, gutxienez 35 zibil hil dira, tartean 12 ume, Siriako erregimenak eta aliatuek Ghouta ekialdean, Damasko kanpoaldean errebeldeek duten feudo esanguratsuenean, egindako erasoen ondorioz.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak azaldu duenez, erregimenaren bonbardaketek eta misilek "suntsitu" egin dituzte Duma hiria eta horren inguruak.
Baxar al Asad Siriako presidenteak Ghouta ekialdean "terroristen aurka" operazioak egiten jarraituko duela iragarri ostean egin du salaketa gobernuz kanpoko erakundeak. Aldi berean, harrapatuta dauden zibilak ateratzeko korridore ziurrak irekitzen jarraituko duela azaldu du Al Asadek.
Erakunde horren arabera, 27 hildako atera dituzte Duman eraso "bortitz" horien ondorioz erabat suntsitutako eraikinetatik.
Otsailaren 18tik, Damaskoko gotorleku errebeldearen aurkako erasoak indartu zirenetik, 695 herritar hil direla jakinarazi du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak ohar baten bidez.
Hedabideei adierazitakoaren arabera, "Ghouta ekialdeko herritar gehienek terroristen eremuetatik ihes egin nahi dute", Al Asaden esanetan, "Estatuaren besoetan babesteko".
Aurreko astean etenaldi humanitarioa ipini da abian, 09:00etatik 14:00etara egunero, Errusiak proposatu zuen laguntza humanitarioa eman eta ebakuazio medikoak ahalbidetzeko.
NBEk eta beste hainbat agentziak Dumara 27.500 pertsonarentzako laguntza humanitarioa bidaliko dutela iragarri dute
NBEk eta zenbait agentziak esan dute astelehen honetan Dumara 27.500 pertsonarentzako laguntza humanitarioa bidaliko dutela. Ghouta ekialdean oposizioak bere kontrolpean duen eremu nagusia da Duma.
"Osasun eta elikadura arloko hornidura daramaten 46 kamioiko konboia" bidali dute, baita "27.500 pertsonarentzako janaria" ere. Ali al Zatari NBEko giza koordinatzaileak zuzenduko du laguntza.