Mundua -

Gerra Sirian

Larrialdiko bilera egingo dute gaur NBEn Ghoutako egoera aztertzeko

Bestalde, Errusiak korridore humanitarioak ahalbidetzeko egindako proposamena "txantxa" dela esan du AEBk.

Manifestari batzuek Siriako gerra etetea eskatu dute Pakistanen. Argazkia: EFE
Manifestari batzuek Siriako gerra etetea eskatu dute Pakistanen. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak "larrialdiko eztabaida" egingo du gaur, ostirala, Ekialdeko Ghoutako (Damasko inguruetan, Sirian) egoera aztertzeko, erakundeko bozeramale batek ostegunean iragarri duenez.

Batzordea 47 kidek osatzen dute, eta gaur bertan baieztatuko dute bileraren deialdia, Erresuma Batuak ostegunean bertan hala eskatu eta gero.

Ordezkaritza britainiarrak, argitaratutako ebazpen batean, "laguntza humanitarioa sartzea galaraztea" eta "medikuen instalazioen aurkako etengabeko erasoak" gaitzetsi ditu, hala nola, hiritarren aurkako aireko bonbardaketak eta arma astunak erabiltzea. Era berean, Sirian gerra krimenak egin ote dituzten ikertzen ari den batzordeari Ghoutaren egoera berezia arretaz aztertzeko eskatu dio.

Hala, Giza Eskubideen Batzordeak bat egingo du NBEren Segurtasun Batzordeak aurreko larunbatean hartutako erabakiarekin, hau da, 30 eguneko su-etena hastea, laguntza banatu eta zaurituak ateratzeko. Errusiak aurreko larunbateko ebazpena sinatu zuen, eta erreboltariei egotzi die hiritarrei Ghoutatik irtetea debekatzea.

AEBk Errusia kritikatu dute

Bestalde, Errusiak Ekialdeko Ghoutan korridore humanitarioak ahalbidetzeko egindako proposamena "txantxa" dela esan du AEBk.

"Errusiak deitutako korridore humanitarioak -argia izan nahi dut honen inguruan- txantxa bat da", esan du Heather Nauert Estatu Departamentuko bozeramaleak.

Nauerten esanetan, Ghoutako biztanleek korridore humanitarioak erabiltzeari beldur diote, Assaden aldeko taldeek errekruta ahal dituztelako, edo atxilotuak era erailak izan daitezkeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gerra Siria Errusia Siriar errefuxiatuak Europan albisteak