Mundua -
Gerra Sirian
Ekialdeko Ghoutan su-eten humanitario bat indarrean sartzeko agindua eman du Putinek
Su-etena egunero izango da indarrean, 09:00etatik14:00etara, Douman eta Arbilen.
Agentziak | Erredakzioa
Ekialdeko Ghouta oposizioaren gotorlekuaren aurkako erasoaldi odoltsuaren ardura Vladimir Putin Errusiako presidenteari egotzi dio Mendebaldeak azken egunetan. Horrela gauzak, biktima gehiago ez izateko, su-eten humanitario bat astearte honetan indarrean sartzeko agindua eman du Putinek.
“Errusiako presidenteak aginduta, eta Ekialdeko Ghoutan biktima gehiago ez izateko helburuarekin, otsailaren 27tik (…) su-eten humanitario bat indarrean sartuko da”, iragarri du Serguei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak.
Su-etena NBEko Segurtasun Kontseiluak asteburuan onartutako 2401 ebazpenarekin zuzenean lotu du ministroak. Su-etena egunero izango da indarrean, 09:00etatik 14:00etara.
Gainera, Ekialdeko Ghoutatik gaixo dauden pertsonak eta zaurituak eta “zibilak ateratzeko korridore humanitario bat zabaltzeko” konpromisoa hartu du Errusiak.
Ondoren, Jmeimimen (Siria) basea duen Adiskidetzerako Errusiako Zentroak zehaztu duenez, su-eten humanitarioak Douman eta Arbilen izango dira.
“Atzerapenik gabe alde guztiek erasoak bertan behera utzi” eta “Siria osoan gutxienez 30 egunez jarraian su-eten humanitario bat” mantentzeko konpromisoa eskatu zuen NBEko ebazpenak. Aldaketa batzuk sartuta, ebazpenari betorik ez jartzea onartu zuen Errusiak.
"Lurraren gaineko infernu hau gelditzeko ordua da"
Ordu batzuk lehenago, “Lurraren gaineko infernu hau gelditzeko ordua da”, adierazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, Genevan.
Alepo hartu ondoren, Putin Siriara joan zen abenduan, terrorismo jihadistaren gaineko garaipena aldarrikatzeko, baina borrokak berriz areagotu dira aurten. Egoera humanitario larria da.
Borrokak ez dira iragan astean bezain odoltsuak, baina bonbardaketak goizean errepikatu direla salatu du NBEk: gutxienez 17 pertsona, horien artean lau adingabe eta emakume bat, hil dituzte gaurko erasoetan. Horrela, otsailaren 18tik 500 hildako baino gehiago izan dira Ekialdeko Ghoutan.
Zibilen sarraskiaren atzean dagoenik hasieratik ukatu du Kremlinak, eta “terroristei babesa ematen dieten horiek” Ekialdeko Ghoutaren egoeraren erantzule egin ditu Moskuk.