Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Trump, 'baldintza egokietan' Ipar Korearekin hitz egiteko prest

Bil Clinton presidente zenetik (1993-2001), bere aurrekoak Ipar Korearekin “hitz egiten” saiatu dira, eta “25 urte” horietan ez da “ezer” gertatu, AEBko presidenteak gogorarazi duenez.

Donald Trump presidentea AEBko gobernadoreen aurrean. Argazkia: EFE
Donald Trump presidentea AEBko gobernadoreen aurrean. Argazkia: EFE
Donald Trump presidentea AEBko gobernadoreen aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidentea Ipar Korearekin hitz egiteko prest agertu da gaur, baina bakarrik “horretarako baldintza egokietan”. Era berean, elkarrizketarako “atea zabalik” utzi du astelehen honetan Piongiangeko erregimenak.

“Beraiek hitz egin nahi dute, eta zer gertatzen den ikusiko dugu, hori da nire jarrera”, adierazi du Trumpek Etxe Zurian. Trump Ameriketako Estatu Batuetako gobernadore gehienekin bildu da gaur.

Bil Clinton presidente zenetik (1993-2001), bere aurrekoak Ipar Korearekin “hitz egiten” saiatu dira, eta “25 urte” horietan ez da “ezer” gertatu, gogorarazi duenez.

“Beste presidente batzuek arazoa konpondu behar zuten, ni hona heldu baino askoz lehenago”, erantsi du.

Hala ere, bere Gobernua Ipar Koreako erregimenarekin “oso gogorra” izan dela gaineratu du Trumpek. Txinak ere Piongiangenganako jarrera zorroztu duela gogorarazi du AEBko agintariak, nahiz eta gehiago egin beharko lukeela onartu.

Desnuklearizazioa

Piongiangen elkarrizketa eskaintza “desnuklearizazio bidean lehen pauso” bat izatea espero du Trumpen Gobernuak, Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak igandean azaldu zuenez.

Kim Yong-chol Ipar Koreako jeneralak gaur Seulen esan duenez, “AEBrekin hitz egiteko atea zabalik dago”. Ipar Koreak jarrera berdina behin baino gehiagotan azaldu duela erantsi du jeneralak.

Ipar Koreako penintsularen desnuklearizazioa aurrera eramateko elkarrizketek hamarkada bat baino gehiago etenik eman dute. Sei eragilek parte hartzen dute negoziazioan (Ipar Korea, Hego Korea, AEB, Txina, Errusia eta Japonia).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak bideoak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Ipar Korea Albisteak