Mundua -
Deir al Zur
Gutxienez 25 zibil hil dira Sirian koalizioak egindako bonbardaketa berri batean
Hildakoen artean zazpi adingabe eta sei emakume egongo lirateke. Gune horretan, Eufrates ibaiaren ekialdean, Estatu Islamikoak lau hiri ditu kontrolpean.
agentziak
Gutxienez 25 pertsona hil dira azken orduotan Estatu Islamikoak Sirian duen azken gotorlekuetako batean, AEBk gidatzen duen nazioarteko koalizioari egotzitako bonbardaketan, Giza Eskubideen Behatoki Siriarrak gaur, astelehena, jakinarazi duenez. Hildakoen artean zazpi adingabe eta sei emakume egongo lirateke.
Era berean, hainbat lagun larri zauritu ditu bonbardaketak, hori dela eta, iturriak ez du baztertu hildakoen kopuruak gora egitea.
Nazioarteko koalizioaren hegazkinek Dahra Aluni gunea jo dute, Deir al Zur Siriako ipar-ekialdean dagoen probintzian.
Gune horretan, Eufrates ibaiaren ekialdean, Estatu Islamikoak lau hiri ditu kontrolpean.
Koalizioak Siria Demokratikoaren Indarrak (SDI) egindako lurreko operazioak babesten ditu. SDI milizia kurduek gidatzen duen talde bat da, EIaren aurka egiteko, gune horretan.
Iraganean, Deir al Zur EIaren Siriako gune garrantzitsuetako bat izan zen, Al-Raqa probintziarekin batera. Halere, jihadistek mendean zuten eremu gehienak galdu dituzte azken hilabeteotan, SDIaren eta Siriako Gobernuko operazioengatik.
Eraso kimikoa
Hainbat pertsona artatu zituzten atzo, igandea, erietxetan kloro-gasa intoxikazioaren sintomekin, Ghuta ekialdean, Damaskon. Gobernuko indarrek gunea bonbardatu zuten, eta 14 pertsona hil ziren gutxienez, tartean ume bat, nahiz eta NBEko Segurtasun Batzordeak 30 eguneko su-etena onartu zuen larunbatean.