Mundua -
Siria
Bonbardaketa gehiago Ghoutan, NBEren Segurtasun Kontseiluaren su-etena eskatu ostean
NBEren Segurtasun Kontseiluak bart onartutako ebazpenaren arabera, gerrako alde guztiei erasoak uztea eskatu die herrialde osoan 30 egunez.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Gobernuaren armadak Ekialdeko Ghoutako eremuaren aurkako artilleria bonbardaketak eta erasoak abiatu ditu berriz gaur, Damasko inguruan dagoen oposizioaren gotorlekuan. NBEk erasoak etetea eskatu eta handik ordu gutxitara gertatu da.
Gaur goizean Al Shifunia herria bonbardatu dute bi aldiz; Bachar al Asad Siriako presidentearen aldeko soldaduek, berriz, Harasta, Kafr Badna eta Yisrin erasotu dituzte, Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenaren arabera.
Islamaren Armada talde islamistaren eta Siriako Gobernuaren arteko borrokak ere izan diren arren, orain dela astebete Ekitaldeko Ghoutan indarkeriak gora egin zuenetik gaurik lasaiena izan dela azpimarratu du Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Izan ere, ez da inor hil.
Gaur goizean lurreko sei misil erori dira Harastan, beste lau Kafr Badnan eta Yisrinen, eta beste lau Hamuriyan; Al Shifunian, ordea, bi bonbardaketa gertatu dira, Behatokiak jakinarazi duenez.
NBEren Segurtasun Kontseiluak datozen 30 egunetan gerrako alde guztiei erasoak bertan behera uztea eskatu zien atzo onartutako ebazpen baten bidez, Ekialdeko Ghoutan bereziki.
Azken astean 510 pertsona hil dira, airez, artilleria eta misil bidez egindako eraso bortitzen eraginez. Horietatik 127 adingabeak dira, Behatokiaren arabera.