Mundua -

Gatazka

NBEren Segurtasun Kontseiluak 30 eguneko su-etena adostu du Siriako gerran

Hainbat egun negoziatzen eman ostean, Errusiak konpromiso-testua babestu duenez, NBEko kide diren hamabost estatuek aho batez onartu dute.

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren bilera. EFE
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren bilera. EFE
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren bilera. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sirian 30 eguneko su-etena eskatzeko ebazpena onartu du larunbat honetan NBEren Segurtasun Kontseiluak. Herrialdea laguntza humanitarioz hornitzeaz gain, zaurituen eta gaixoen ebakuazioa erraztea da helburua.

Hainbat egun negoziatzen aritu ondoren, Errusiak konpromiso-testua babestu duenez, NBEko kide diren hamabost estatuek aho batez onartu dute.

Suediak eta Kuwaitek bultzatutako ebazpenaren arabera, gatazkan parte hartzen ari diren alde guztiei su-eten humanitarioa eskatu diete gutxienez 30 egunetarako Siriako lurralde osoan.

Hala ere, su-etenak NBEk terroristatzat jotzen dituen taldeen aurkako operazio militarrak ahalbidetuko ditu, Estatu Islamikoa (EI) edo al Nusra Frontea, kasu.

Segurtasun Kontseiluaren esanetan, borrokak eteten direnean, Nazio Batuen eta haien bazkideen konboi humanitarioei sartzen utzi beharko diete laguntza behar den edozein tokitara.

Horrez gain, osasun arloko langileei sartzen uztea eskatu du erakundeak ebazpenean, zaurituak zein gaixoak artatzeko. Aldi berean, beharrezkoak diren ebakuazioak egiten uztea aldarrikatu dute NBEko kideek agirian.

500 pertsona baino gehiago hil dira Sirian aste batean, Siriako Ekialdeko Ghoutan

Ebazpena bi astetan zehar negoziatu dute Segurtasun Kontseiluko kideek. Siriako Gobernuak Ekialdeko Ghoutako eremu oposiziogilearen aurka egindako erasoei aurre hartzeko zenbait herrialderen deialdiak etengabeak izan dira bolada horretan.

Azken astean, 510 hildako izan dira zonaldean, horietatik 127 adingabeak, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak egindako azken kontaketaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gerra Siria NBE albisteak Eguneko albisteak