Mundua -
Komunikatu ofiziala
Marokok manipulazioa eta arrazakeria egotzi die espainiar hedabideei
Kritikak Antena 3, ABC eta El Pais egunkariak, Cadena SER eta EFE albiste agentziaren kontra zuzentzen ditu Gobernu marokoarrak. Radio Exterior de Españako kazetari bat "inkomunikatuta" dago.
Erredakzioa
Marokoko Gobernuak "gogor" salatu du Marokoko albisteen inguruan "Espainiako hainbat hedabideek agertu duten jokaera arduragabea".
Jalid Naciri Komunikazio ministroak eta bozeramaileak Marokoko Exekutiboaren izenean irakurritako deklarazioan, Espainiako kazetariei "prozedura faltsuak, teknika kaldarrak, manipulazio zitalak eta muntaia zikinak" erabiltzea leporatzen diete.
Rabaten esanetan, hedabide horien helburua "Espainiako iritzi publikoa manipulatu eta Marokoren kontrako sentimenduak areagotzea" da. Hori guztia "gorrotoak eta arrazakeriak zabaldutako bidea jarraituz".
Iragan ostiralean, Marokok SER irratiak Aiaunera bidalitako hiru kazetari kanporatu zituen "haien identitateren eta lanbidearen inguruan gezurra esateagatik".
Kazetari bat inkomunikatuta eta atxikita dute
Gainera, Espainiako iturriek jakitera eman dutenez, Guillaume Bontoux Radio Exterior de Españako kazetaria "inkomunikatuta eta pasaporterik gabe" omen dago Aiauneko aireportuan noiz kanporatuko duten zain.
Iturri berdinen arabera, Mountouxek SMS mezu bat bidali du, antza arineketan idatzitakoa, "aireportu. Inkomunikatuta, pasaporterik gabe" eta "kanporaketa" hitzekin.