Mundua -
Tiroketa Parklanden (Florida)
Trump, sarraskiaren ondoren: 'Osasun mentalaren arazo zailari aurre egingo diogu'
Bere hitzaldian, aldiz, su-armak bereganatzeko orduan kontrola sendotzeko edo legedia aldatzeko neurri posiblerik ez du behin ere aipatu AEBko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Parklandeko (Florida) sarraskia gertatu ondoren, “osasun mentalaren arazo zailari aurre egitea “ agindu du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak. Gainera, eskoletako segurtasuna “lehentasun nagusia” izango dela azpimarratu du agintariak.
“Osasun mentalaren arazo zailari aurre egingo diogu”, esan du Trumpek hitzaldi batean. Tiroketak 17 hildako eta 15 bat zauritu utzi ditu Parklandeko institutu batean.
Bere hitzaldian, ostera, su-armak bereganatzeko orduan kontrola sendotzeko edo legedia aldatzeko neurri posiblerik ez du behin ere aipatu Trumpek.
“Doluan dagoen herri bati” zuzendu zaio Trump: “Guztiak baturik gaude, familia bakar baten antzera”. “Gorrotoari maitasunarekin erantzun behar diogu. Eta ankerkeriari, adeitasunarekin”, nabarmendu du buruzagiak.
Biktimen senideak eta bertako agintariak bisitatzeko, Parklandera bidaia egiteko asmoa azaldu du Trumpek. Estatuetako gobernariekin bilduko da, eskoletako segurtasuna “gure lehentasun nagusia” izateko.
Lehenago, AEBko presidenteak adierazi duenez, sarraskiaren egilea “bere onean” ez zegoela esateko “zantzu” asko daude. Tiroketan 17 pertsona hil zituen atzo.
“Floridako erasotzailea bere senean ez zegoela azaltzen dute zantzu guztiek, are gehiago, jokabide txarragatik eskolatik egotzi zuten”, esan du Trumpek Twitter sare sozialean.
“herritarrek eta ikaskideek arazo handi bat zuela bazekiten”. “Egoera horretan poliziak jakinaren gainean jarri beti, behin eta berriz!”
Sarraskiaren inguruko Trumpen bigarren adierazpena da. Tragediaren berri izan eta ordu batzuk geroago, “umerik, irakaslerik, inork ez luke sekula beldurrik pasa behar AEBko eskola batean”, esan du.