Mundua -

Frantzian

2015eko azaroan Parisen izandako erasoengatik epaitutako lehen akusatua, absolbituta

Erasotzaileek atentatuen ostean ezkutatzeko erabili zuten etxea Jawad Bendaoudek alokatu zuen, baina errugabetzat jo dute haien asmoen berririk ez zuelakoan.

Erasoak izan ziren gauean Poliziak egindako operazioaren irudi bat. EFE
Erasoak izan ziren gauean Poliziak egindako operazioaren irudi bat. EFE
Erasoak izan ziren gauean Poliziak egindako operazioaren irudi bat. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko azaroaren 13an Parisen eta Saint Denisen izandako atentatuen harira epaitutako lehen akusatua, Jawad Bendaoud, absolbitu egin du Parisko Auzitegiak.

Erasotzaileek atentatuen ostean ezkutatzeko erabili zuten etxebizitza Bendaoudek alokatu zuen, baina epaileek ebatzi dute ez dagoela frogarik haien asmoak ezagutzen zituela esateko eta, ondorioz, errugabetzat jo dute.

Fiskaltzak bost urteko espetxealdia eskatzen zuen harentzat. Litekeena da Bendaoud gaur bertan ateratzea kartzelatik.

Akusatuen eserlekuan izan diren gainerako bi auzipetuak, berriz, zigortu egin dituzte. Mohamed Soumahi bost urteko espetxe-zigorra ezarri diote, krimen terrorista baten konplize izatea egotzita.

Epaileen arabera, erasotzaileen asmoak ezagutzen zituen eta haiei ihes egiten laguntzeko borondatea erakutsi zuen.

Youssef Ait Boulahceni, ostera, lau urteko kartzela-zigorra ezarri diote, erasoak salatu ez izana leporatuta.

Kamera aurreko atxiloketa

Bendaoudek hasieratik aitortu zuen droga-trafikatzailea dela, baina eraso haiekin inolako loturarik ez zuela eta errugabea zela adierazi zuen behin eta berriro.

Atentatuak gertatu eta bost egunetara, Polizia arestian aipatutako etxebizitzan indarren sartu ziren eta bertan zeuden guztiak hil egin zituen.  Orduan egin zen publiko Bendauoden izena.

Ikertzaileen esanetan, jihadistak beste eraso bat prestatzen ari ziren, Paris kanpoaldeko La Defense negozio auzoan.

Bendaoud bertan agertu zen, baina Poliziak dena inguratuta zeukan eta atxilotu egin zuen. Aipatzekoa da komunikabide ugari zeudela han eta telebista batek elkarrizketa txiki bat egin ziola atxilotua izan aurretik.

Gaurko saioan, pozik hartu du epaileen erabakia. Epaia entzun duenean besoak jaso ditu, ondoan zituen jendarmeak agurtu ditu eta bere abokatuari musu bat eman dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris azken ordukoa Frantzia albisteak Atentatuak Epaiketak albisteak Jihadismoa hoy Albisteak