Mundua -
Ustelkeria
Oxfam Internationaleko presidentea atxilotu dute Guatemalan
Juan Alberto Fuentes Knight atxilotu dute, Ekonomia ministroa zen garaian, Alvaro Colomen Gobernuan (2008-2012) zehar ustelkeria kasu batean parte hartzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Juan Alberto Fuentes Knight Oxfam Internationaleko presidentea atxilotu dute gaur Guatemalan, Ekonomia ministroa zenean, Alvaro Colomen Gobernuan (2008-2012) zehar ustelkeria kasu batean parte hartzeagatik.
Fuentes Knight 2015ean izendatu zuten Oxfam Internationaleko presidente. Colom eta beste ministro ohi batzuk atxilotu dituzte operazioan, Transurbano auzian. Colomen garaian ezarritako garraio ereduaren izena hartu du auziak.
Garraio eredua aurrera eramateko orduan diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen die Poliziak. 10 atxiloketa egin dituzte gaur, besteak beste, Fuentes Knight eta Colom.
Gainera, Salvador Gandara Gaitan (Gobernazioa), Ana Francisca del Rosario Ordoñez (Hezkuntza), Abraham Valenzuela (Defentsa), Edgar Alfredo Rodriguez (Enplegua), Oscar Velasquez (Ekonomia), Celso David Cerezo Mulet (Osasuna), Geronimo Lancerio Chingo (Kultura) eta Luis Alberto Ferrate (Ingurumena) ministro ohiak atxilotu dituzte.
Eskandalua
Gobernuz kanpoko erakundea eskandalu batean murgilduta dago; izan ere, Haiti suntsitu zuen lurrikara gertatu eta handik gutxira, erakunde humanitarioko zuzendari eta boluntario talde batek prostitutak ordaindu zituela argitara eman dute Erresuma Batuko komunikabideek azken egunetan.
Gobernuz kanpoko erakundeari diru-laguntza publikoa kentzeko mehatxu egin dio Erresuma Batuko Gobernuak, gertakarien ikerketan lagundu ezean. Penny Lawrence Erresuma Batuko erakundearen zuzendariordeak dimisioa eman zuen astelehenean, esplotazio sexuala eragozteko neurririk hartu ez zuela onartu ondoren.