Mundua -
Txostena
Giza eskubideen bortxaketa ukatzeari uko egiteko eskatu diote Venezuelako Gobernuari
Venezuelan giza eskubideen bortxaketa "oso larria" ematen dela eta Gobernuak hori ukatu egiten duela salatu du Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelan giza eskubideen bortxaketa "oso larria" ematen dela eta Gobernuak hori ukatu egiten duela salatu du Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeak. Erakunde horrek argitaratutako txostenak Venezuelako Gobernuaren zein herri horretako botere judizialaren jokabidea kritikatu du.
"Gobernuak oraindik herrian giza eskubideak urratu egiten direla ukatu egiten du. Venezuelako Estatuari giza eskubideak urratzen direla onartzea eskatzen diogu, eta aldi berean, giza eskubideak babesteko nazioarteko betebeharrak betetzera bultzatu nahi diogu", esan dio Paulo Arao Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeko idazkari eragileak Efe albiste agentziari.
Txostenak azken bi urteotan "areagotu" egin den giza eskubideen eta Venezuelako demokraziaren "ahulezia kezkagarria" agerian utzi du.
"Laguntza humanitarioa beharrezkoa da herritik ateratzen ari direnentzat zein herrian egonda elikagaien behar larria dutenentzat", esan du Abraok.
Herrialde Amerikarren Giza Eskubideen Batzordeak txostenaren zirriborroa bidali zion Venezuelako Gobernuari, baina horrek giza eskubideen "benetako egoeraren ikuspegi selektiboa" aurkezten zuela egotzi zion Batzordeari.
Bestalde, Nicolas Maduroren Gobernuak informazio ofiziala "erabat" baztertu izana leporatu dio Batzordeari.
Txostenak, batez ere, herriaren 2017ko egoera aztertu du, eta aurkeztutako ondorioen artean, "botere betearazleak eta judizialak botere legegilean esku-hartze larria egiten duela eta horrek Venezuelako krisiaren eragile nagusia" dela uste du Batzordeak.
Horrez gain, txostenak Venezuelak dituen beste arazo hauek aipatzen ditu: "ustelkeria; Gobernuaren aurka azaltzen direnei ezarritako errepresaliak; adierazpen askatasunaren kontrako murrizketa larriak; indarkeriaren eta krimen-kopuruen hazkundea; eta, elikagaien, botiken, osasun tratamenduen eta materialen eza".