Mundua -
Neurriak iragarri dituzte
Oxfameko kideek Haitin prostitutak ordaindu zituztela eta, eskandalua Erresuma Batuan
Gehiegikeriak 2010ean jazo ziren, lurrikara gogorrak Haiti astindu ostean. Gobernuz kanpoko erakundearen zuzendari eta langileak daude nahasita auzian.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak diru laguntza publikoak kentzearekin mehatxatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak Haitin 2010ean izandako gehiegikerien berri izan eta gero. The Times egunkariak joan den astean jakinarazi zuenez, Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen langile batzuek eta misioko zuzendariak prostitutak ordaindu zituzten 2010eko lurrikararen ostean. The Sunday Times egunkariak atzo emandako datuen arabera, 2017an gobernuz kanpoko erakundeetako 120 langile sexu abusu kasuetan egon dira nahasita.
Kasu horiek guztiek zalantza sortu dute laguntza humanitarioa ematen duten erakundeen inguruan. Penny Mordaunt Erresuma Batuko Nazioarteko Kooperazio ministroak nabarmendu duenez, kasu horietan nahasita dauden gobernuz kanpoko erakundeek ikerketan lagundu beharko dute, eta hala egiten ez dutenek ez dute diru laguntzarik jasoko.
The Sunday Times egunkariaren arabera, Oxfam erakundeko 87 langileri sexu gehiegikeriari egotzi zieten 2017an. Save The Childrenen 31 kasu atzeman zituzten, eta Christian Aiden, bi.
Prostitutak Haitiko lurrikararen ostean
Eskandalua joan den astean lehertu zen. The Times egunkariak Oxfam erakundearen barne ikerketa bat kaleratu zuen. Horren arabera, gobernuz kanpoko erakunde horretako langileek eta misioko zuzendariak prostitutak (adingabeak batzuk) kontratatu zituzten erakundearen funtsak erabilita.
Informazioaren arabera, zazpi izan ziren eskandaluan nahasitako langileak, tartean Roland van Hauwermeiren Oxfamek Haitin zuen zuzendaria. Azken horrek aitortu zuenez, prostitutak eraman zituen gobernuz kanpoko erakundeak ordaintzen zion etxera.
Egunkariak kaleratutako txostenean jasotzen denez, "inpunitatearen kultura" zen nagusi Oxfameko langileen artean. "Ezin da baztertu prostitutetako batzuk adingabeak izatea", dio txostenak.
Oxfamek eskandalua estali zuen
Barne ikerketa horren ostean, gobernuz kanpoko erakundeak lau langile kaleratu zituen, baina gainerako zuzendariei dimititzen utzi zien, inongo zigorrik ezarri gabe.
Van Hauwermeiren zuzendari ohiari, adibidez, "epekako dimisio duina" eskaini zioten, bat-batean kaleratuta Oxfamen izen ona zalantzan jarriko zelakoan.
The Times egunkariak kaleratutakoak harrabotsa eragin du, eta gobernuz kanpoko erakundeak oharra atera behar izan du gertatutakoa "onartezina" izan zela adierazteko.